Gaur egingo du otsaileko saioa, Astigarragako Irakurketa Klubak. Eta oraingoan, herriko idazle baten nobela izango dute hizpide: Alaine Agirreren Karena. Arratsaldeko 19:30etan hasiko da saioa, Erribera kulturgunean; eta Isabel Etxeberriak zuzenduko du, euskeraz. Ohi bezala, doakoa eta irekia da partehartzea.
Astigarragan bizi den idazle bermeotarrak joan den urtean argitaratu zuen nobela, 2021ean euskerazko nobela onenaren Irun Hiria Saria eskuratu ondoren. Karena nobelan, amatasunarekin lotutako hainbat gai azaleratu ditu Alaine Agirrek, «normalean ixilpean eta ezkutuan geratzen direnak»: lagundutako ugalketa teknikak, horren ondorio fisiko eta psikologikoak, bikoteko batek guraso izateko besteak baino gogo gehiago duenean sortzen diren arrakalak, amarenganako errespeturik gabeko erditzeak, nahi gabeko abortuak eta horren doluak...