Astigarragako udal zergak eta zigorrak Correosen bulegoetan ordaintzeko aukera dute herritarrek

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 12a, 00:00

Ordainketak Astigarragako Correosen bulegoan, Estatu osoko bulegoetan eta landa eremuetan lan egiten duten postarien bidez egin daitezke.

Astigarragako Udalak hitzarmen bat sinatu berri du Correosekin. Hala, udalak bidalitako trafiko-zehapenak eta zergak Astigarragako Correosen bulegoan eta Estatu osoko bulego informatizatuetan ordaindu daitezke. Udaletik azaldu dute ordainketak egiteko erraztasunak jartzea dela hitzarmenaren helburua: «Aukera honen bidez, eguneroko kudeaketak errazten zaizkie bizilagunei, eta Udalarekin egin beharreko izapideak modu eroso eta hurbilean egiten lagundu».

Correosek Astigarragako bizilagunen eskura jartzen du ordainketak egiteko posta-igorpena, Correos Pay zerbitzuaren bidez, eta prozesua erraza dela zehaztu du Udalak: «Zergak eta zehapenak ordaintzeko eragiketa oso erraza da; izan ere, leihatiletako langileek ordainketa-gutuneko datuak sartu behar dituzte, eta, ondoren, ordainagiria ordaindu eta eman».

Gainera, ordainketak bulegoetan egiteko aukeraz gain, landa-eremuan banaketa egiten duten postarien bidez ere egin daitezke: «Landa-ingurunean banaketa egiten duten postarien bidez eta aipatutako ordainketa-gutuna erantsita, posible da Udalaren zerga-betebeharrak ordaintzea». Zerbitzuaren kostu finkoa, kasu hauetan, 1,95 eurokoa da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!