3.831 kilo hondakin bildu ditu 2022an Astigarragako Udalak, Urumea Ibaian

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 7a, 00:00
2023an garbiketekin jarraitzea da Udalaren asmoa.

2022 urtean egindako garbiketetako datuak dira. Astebeteko iraupena izan duten sei garbiketa egin dituzte. 

Urumea ibaia txukuntzeko asmotan, garbiketa prozesua abiatu zuen Astigarragako Udalak 2022 urte hasieran. Bi hilean behin egin dituzte astebeteko garbiketak, eta hondakin kopuru haundiak atera dituzte uretatik. Guztira 3.831,930 kilo hondakin bildu dituzte sei garbiketetako hondakinak elkartuta. 

Urriaren erdialdean egin zuten azkenaurreko garbiketa; orduko hartan 505,510 kilo hondakin pilatu zituzten. Apalagoak izan dira urteko azken garbiketako datuak, 434,4 kilo hondakin atera zituzten abenduko garbiketan. Eraispen hondakinetan pilatu dute karga haundiena, baina askotariko zaborrak bildu dituzte Urumeatik: ontzi arinak, beira, inerteak, metala, egurra... 

Astigarragako Udalak positiboki baloratu du egindako lana, eta 2023an garbiketekin jarraitzeko asmoa erakutsi du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!