Udal eraikinak erabiltzeko fidantza kentzea, onartuta

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 4a, 00:00
Barandiaran eta Urdangarin.

Bi batzarretan gai ugari jorratu ziren, besteak beste, dirulaguntzak, lan eskaintzak eta Zero Zabor ziurtapen programa.

Asteartean ospatu zen Osoko Bilkura, Astigarragako udaletxean, Xabier Urdangarinek gidatuta. Guztira 11 izan ziren landutako gaiak, eta zenbait gai izan ziren nagusiak.

Urdangarinek 2023ko zerga fiskalen aldaketari buruzko xehetasunak eman zituen: «orain arte, udal eraikinetako gela batzuk erabili ahal izateko, pertsona guztiek 150 euroko fidantza jarri behar zuten. Udalak uste du fidantza hori gehiegizkoa dela eta herritarrei asko zailtzen diela udal eraikinak erabiltzea. Beraz, bizilagunei udal eraikinean erabilera errazteko asmoz, Osoko Bilkurak onartu zuen herriko elkarteek eta herritarrek fidantzarik ez ordaintzea». Eta aho batez, onartutzat eman zen.

Dirulaguntzak emateko ordenantzari buruzko erabakiak ere hartu zituzten. Ordenantza aspaldikoa da, 2006koa, eta Urdangarinek berrikusteko beharra azpimarratu zuen: «batetik, geroztik egin diren lege aldaketak jasotzeko; eta bestetik, elkarteei dirulaguntzak eskatu eta izapidetzea errazteko. Hori dela eta, urtarrileko osoko bilkuran, ordenantza honen aldaketari hasierako onarpena eman zitzaion, eta ekarpenak zein alegazioak egiteko epea ireki zen». Otsailean herriko elkarteekin lan saio bat egingo dela ere aipatu zuen alkateak, «haien ekarpenak jasotzeko».

Halaber, Astigarragako Udalak hondakinen murrizketan eta prebentzioan areagotu nahi du, sortzen diren hondakin katearen lehenengo mailan indarrak jarrita: «horregatik, interesgarria eta beharrezkoa da, tokiko erakundeak Zero Zabor prozesuan murgilduta dauden bestelako erakundeekin elkarlanean jardutea» azaldu zuen Astigarragako alkateak, Udalaren izenean. Eta lan horretan dihardu hain zuzen ere, Zero Zabor nazioarteko mugimenduak, Zero Zabor Udalerriak Ziurtatzeko Programaren barruan, Europako 24 herrialdeetako 30 erakundek parte hartuta. Beraz, astearteko plenoan, Udalak Zero Zabor Udalerrien Ziurtapen Programari atxikitzea onartu zen, baita Astigarragako Udalari Zero Zabor Udalerrian Ziurtagiri Programaren barruan eska dakizkiokeen baldintzak eta zereginak betetzeko konpromisoa hartu ere.

Plenoko gai zerrendari amaiera emateko, PERTE-ri buruz jardun zuten. Ur sarea digitalizatzeko eta informazioa jasotzeko proiektua landu du Astigarragako Udalak, beste udal batzuekin elkarlanean. Proiektua europar funtseko dirulaguntza deialdira bidaliko da. Astigarragak eta eskualdeko beste herriek Añarbeko Urak erakunderekin batera parte hartuko dute, dirulaguntza eskatzeko. Astigarragari dagokion zatiaren kostua 231.187,25 eurokoa da, eta eskatutako dirulaguntza 149.231,08 eurokoa.

Osoko bilkurako gai guztiak landuta, Arrobitxuloko zenbait bizilagun gerturatu ziren, auzo alboan dagoen errepideko gurutze-bidean jarritako itxiturari buruz galdezka «etxetik ateratzeko autoarekin auzoari buelta osoa eman behar diogu, eta denbora asko galtzen dugu». Eta Urdangarinek, ondorengoa azaldu zien: «asmoa da itxitura hori mantentzea eta eremu hori oinezkotzea. Izan ere, herritar ugari pasatzen dira eremu horretatik, eta haur, gazte, zein helduen segurtasuna bermatzeko, oinezko eremu bat bihurtuko dugu. Lehentasuna eman behar baitiegu, oinezkoei».

 

Tokiko Gobernu Batzarrean ere, erabaki garrantzitsuak

Plenoaz gain, Tokiko Gobernu Batzarra ere egin zuten, eta zenbait gai garrantzitsu onartu ziren, besteak beste: txakur arriskutsu bat aske eta bozalik gabe eramateagatik herritar bati espedientea bideratu zaiola aitortu du Udalak: «guztira 2.000 euroko isuna». Horrez gain, bi lan eskaintzei buruz ere jardun zuten: batetik, Astigarragako udaltzainen lanpostua hutsik geratu da, eta, beraz, Gobernu Batzarrak hautaketa prozesuan beste plaza bat gehitzea onartu du, guztira hiru izango lirateke»; eta bestetik, Udal plantillak hutsik dagoen Artxibo eta Liburutegiko arduradun lanpostua behin betiko betetzeko hautaketa prozesuaren oinarriak onartu ziren, eta laster argitaratuko da deialdia. 

Dirulaguntzei buruzko zenbait erabaki ere hartu ziren, hala nola, Adin txikikoen osasun, hezkuntza eta garapenaren baitan sortzen diren beharrei erantzuna emateko 2023ko dirulaguntzen oinarriak onartu ziren; Emakumeon Etxeari 2023rako 40.500 euroko dirulaguntza izenduna emateko onartu zen eta azkenik; Harituzi 2023rako, 8.000 euroko dirulaguntza izenduna ematea onartu zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!