Urtzi Leonet astigartarrak bere lehenengo nobela aurkeztuko du gaur Erriberan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 2a, 00:00
Urtzi Leonet astigartarra, gaur Erriberan aurkeztuko duen liburuarekin.

'Itzalen Dama eta Patxi Bakallu 1: Herri Margotua' euskeraz idatzitako nobela fantastikoa aurkeztuko du 18:30etan.

Urtzi Leonetek, 41 urteko idazle astigartarrak, bere lehenengo nobela aurkeztu zuen azaroan: Itzalen Dama eta Patxi Bakallu 1: Herri Margotua. Eta gaur Astigarragan egingo du aurkezpena, 18:30etan Erribera kulturgunean. Elkar argitaletxearen eskutik argitaratu du, eta literatura fantastikoa da: «euskeraz, orain arte hanka-motz egon da generoa, desagertua ez esatearren», aipatu du egileak.

Proiektuari helduta, saga baten lehenengo alea da, eta helburua da euskal mitologia eta munduko beste mitologia eta kulturen arteko zubi-lana egitea. Horretarako bidea, Aparlorea itsasontziaren tripulazio ausarta da, eta lehenengo abenturan Zeelanda Berria eta bertako maoriak ezagutuko dituzte.

Proiektu honek Bergarako Idazle Eskola du iturri, Urtzi leoneten esanetan; «eta lehenengo zertzeladak Iñaki Zubeldia idazle beteranoaren gidaritzapean egin ziren. Segidan, Eusko Jaurlaritzaren beka bat probestu nuen proiektua ontzeko, eta azken urte honetan ere buru-belarri aritu gara Antxiñe Mendizabal editorea eta biok, dena fintzen eta atontzen». Orain arte hamar aurkezpen egin ditu, eta hamaikagarrena egilearen herrian bertan izango da. Bestalde, Iñaki Holgado ilustratzaile internazionala da nobelako marrazkien egilea, eta bere luma finak apainduko du Euskal Herriko oihan ilunetatik itsasoan barna Laino Zuri Handiaren Lurralde ilunera egingo den bidaia, Eguzkia berriro distirarazteko misioarekin.

'Laino Zuri Handiaren Lurraldean', iluntasuna nagusi

Laino Zuri Handiaren Lurraldean iluntasuna da nagusi: Tawhirimatea zeruetako jainkoa haserre dago, eta laino beltz eta eraitzekin estali du eguzkia. «Herri margotua erabat abailduta dago, baina gure protagonisten etorrerak piztu die itxaropenaren sugarra; Patxi Bakalluk badaki non bizi den haka dantzek aipatzen duten gizon iletsua; antzinako garai ilunetan eguzkia berriro distirarazi zuen gizatzar kementsua. Gure basoen zaindaria. Basajaun. Horretarako, Itzalen Dama, Patxi Bakallu eta Kamaka Portutxora etorriko dira, eta bertan Kotte Zaharra ipuin kontalaria eta Xaxi gazte misteriotsua batuko zaizkie oihanerako bidean», dio aurrerapenak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!