Maiatzaren 28an izango diren udal hauteskundeetarako zerrendaren eta programaren lanketan dihardu dagoeneko EH Bilduk. Urtarrilaren 16an zabaldu zen alkategaia aurkezteko epea eta urtarrilaren 29an amaitu zen.
Urtarrilaren 25ean egindako EH Bilduren batzarrean, Xabier Urdangarin Lasa, egungo alkatea, proposatu zen alkategai moduan. EH Bildu Astigarragak «alkategai onena eta osatuena» Xabier Urdangarin Lasa dela uste du: «lau urte hauetan egindako lanei jarraipena eman eta martxan dauden egitasmo eta proiektuei amaiera emateko ezinbesteko gidaria da Xabier» EH Bilduren esanetan.
Zehaztutako epean, EH Bilduren erroldan izena eman duten kideen 10 abalak jasota, proposatutako alkategai bakarra izan da Xabier Urdangarin. Beraz, EH Bilduko kideek bihartik otsailaren 4ra arte daukate epea Xabier Urdangarinen hautagaitza berresteko.
Behin alkategaia berretsita, otsailaren 9tik 21era zabalduko da gainontzeko zerrenda-kide proposamenak aurkezteko epea. Zerrendakide bakoitzak zazpi abal ziurtatu beharko ditu eta zerrenda-kideen berrespena edo aukeraketa martxoaren 2tik 4ra gauzatu beharko dute EH Bilduko kideek. Honela, zerrenda osatuta geratuko da.