Izaskun kaleko estolderia konpontzeko lanak martxan dira eta martxoaren hasierarako amaituta egotea aurreikusten du Astigarragako Udalak.
Aguiko etxebizitzak eraiki zituen enpresak, Construcciones ACR, S.A., eremua urbanizatu zuenean, saneamendu-sarea gaizki egin zuen. Zehazki, oso sakonera txikia utzi zuen estolderia-sareen muturretan eta honek errepidea hondora dezake. Epe ez oso luzean, estolderia bera ere hautsi daiteke. Eta orduan, Udalak bere gain hartu beharko lituzke hauek konpontzeko gastuak.
Horregatik, Udalak urbanizazio-lanak jaso aurretik, enpresari lanak behar bezala amaitzeko eskatu arren behin eta berriz uko egin zion honek. Horregatik, Udalak bere gain hartu du sarea ondo egiteko konpromezua. Horretarrako obrak egiteko aurkeztutako 126.047,91 euroko abala eta fiantza ejekutatu ditu eta beraz, Udalak ez du zentimo bat ere xahutuko lan hauetan. Enpresak aurkeztutako abala eta fiantza erabiliz, Udala bere kabuz hasi da estolderia konpontzen eta adar nagusiak berriro egingo dira, sakonera haundiagoa emanez.
Enpresak, abala eta fiantza ejekutatzeko izapidetutako tramitazioa epaitegira eraman zuen eta duela gutxi, 2023ko urtarrilaren 16an, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko Epaitegiak Astigarragako Udalari eman dio arrazoia. Hala ere, enpresak epaiari helegitea aurkeztu diezaioke oraindik.
Obrak martxoaren hasierarako amaituta egotea aurreikusten da.
Eragina bizilagunengan
Obrek irauten duten bitartean, une jakin batzuetan karrilen bat itxi eta aparkalekuak okupatu beharko dituzte. Horregatik, bizilagunei eta, oro har, herritarrei barkamena eskatzen die Udalak sortu ditzakeen eragozpenengatik.