Astigarragaren historiari hamaika kapitulu eta ikuspegi berri bat gehituko dizkio Amets Castrejanak, gaur. Izan ere, bere ikerlanaren emaitza aurkeztuko du Erriberako erakusketa gelan, arratsaldeko 18:00etan hasita: Astigarragako emakumeen historia hurbila, gorputz-praktiken bidez azaldua (XX.-XXI. mendeak) izenburu duen liburua.
Amets Castrejanak Astigarragako emakumeen historia jaso, landu eta herritarren eskura jartzeko ikerketa-beka jaso zuen 2020an, Astigarragako Udalaren eskutik; eta beka horren emaitza da liburua. Bertan, XX. eta XXI. mendeetako emakumeen gorputz-praktikak bildu ditu ikerlari hernaniarrak, «herriaren historiari beste irudi eta irudikapen batzuk, bestelako sentsazioak eta gorputz-praktikak gehitzeko, Astigarragako emakumeek bizi izan zituztenak». Izan ere, herriko emakumeek «utzitako arrastoak» erakutsi eta jasotzen ditu liburuak, herriaren historia osatzeko: «Landa-eremuaren eta hiritartzearen arteko historia da, tradizioaren jarraipenaren eta aldaketarako irekieraren artekoa».
Aurkezpen ekitaldian izango dira Castrejana bera, Carmen Diez Mintegi antropologoa, eta liburuan parte hartu duten ilustratzaileak. Izan ere, liburuko ilustrazioak egin dituzte Astigarte elkarteko kideek eta herriko hainbat artistak: Ainhoa Arzallus Goñi, Griselle Morales Padrón eta Saioa Arteaga Gómez.
Elebitan idatzita dago liburua, eta salgai jarriko dute aurkezpen ekitaldian bertan. Erriberako leihatilan ere eskuratu ahal izango da otsailaren bukaerara arte (16:00-20:00 ordutegian). Gainera, laster Udalaren webgunean (astigarraga.eus) jarriko dute PDF formatuan, doan deskargatzeko.