Herri batzarra egingo du Astigarragako EH Bilduk bihar, asteazkenarekin. Erribera kulturguneko areto nagusian izango da, arratsaldeko 18:30etan.
Bertan, datozen hilabeteei begira jarriko dira, eta bereziki ikusmiran izango dute data bat, maiatzaren 28koa. Izan ere, batzarraren aurreneko puntuan datozen hilabeteetako plangintza landu ondoren, Udal Hauteskundeei buruzkoak izango dira beste biak. Hauteskundeen gaia orokorrean jorratuko dute aurrena, eta ondoren, EH Bilduren alkategaia proposatuko dute, Astigarragako Udal Hauteskunde horietarako.
Zerrendaburu bat proposatuko dute herri batzarrean, baina afiliatuek aukera daukate oraindik ere, beste alkategairen bat proposatzeko. Horretarako epea igande honetan bukatuko da, urtarrilaren 29an, alderdiak berak jakinarazi duenez. Epea bukatuta, aditzera emango dute alkategai bakarra dagoen, edo gehiago ere aurkeztu diren.