Astigarragako emakumeen historia hurbila bildu du Amets Castrejanak, eta etzi aurkeztuko du ikerlana

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 24a, 00:00

Gorputz-praktiken bidez azaldu du, XX. eta XXI. mendeetako emakume astigartarren historia. Liburu batean jaso du ikerlanaren emaitza, eta Erribera kulturgunean egingo du aurkezpena, ostegunean arratsaldeko 18:00etan hasita.

Astigarragako emakumeen historia jaso, landu eta herritarren eskura jartzeko, ikerketa beka jaso zuen Amets Castrejana hernaniarrak 2020an, Astigarragako Udalaren eskutik. Horrekin, lanketa sakona egin du Castrejanak, eta liburu batean bildu du ikerlanaren emaitza: Astigarragako emakumeen historia hurbila, gorputz-praktiken bidez azaldua. Zehazki, XX. eta XXI. mendeko emakume astigartarrak izan ditu ardatz.

Etzi aurkeztuko du ikerlanaren emaitza, ostegunarekin: Erribera kulturgunean, arratsaldeko 18:00etan. Liburua aurkeztearekin batera, ikerketaren nondik norakoak ere azalduko ditu Castrejanak. Solasaldia ere egingo dute saioan bertan, eta Carmen Diaz antropologian adituak gidatuko du.

 

Ikerketaren helburua, «emakumeen praktika aintzat hartuz, gordeta dagoen historia berreskuratzea»

2020ko urrian eman zioten beka Amets Castrejanari, aurrez aurkeztu zuen proiektua gauzatu zezan. Proiektu horren helburua zen, «emakumeen praktika aintzat hartuz, gordeta dagoen historia berreskuratzea, nolabait». Izan ere, Castrejanak nabarmendu zuen «gizonen ikuspuntutik» kontatu izan dela historia orain arte.

Antropologia feministatik egin du lanketa hernaniarrak: «Urte asko dira, emakumeen esperientziak ez direla mahai gaineratu, ez dute garrantzi haundirik izan, eta gabezia hori ikusi nuen. Hori horrela, bururatu zitzaidan emakumeen historia azaleratzea haien gorputz praktiken bidez». Zentzu horretan, nabarmendu du Astigarraga dela herri bat «tradizioz betea eta modernoa aldi berean».

Herriaren historian sakondu nahi izan du Castrejanak, emakumeen ikuspegitik; «emakumeek eragin zituzten haustura sozial, politiko eta kulturalak bildu eta plazaratuz». Gainera, sortu nahi izan du «espazio komun bat», herriko emakume gazte eta helduen artean, «testigantzetan agertu diren ebidentziak orainaldira ekartzeko asmoz». Eta azkenik, bilatu du herriko historiari buruzko imajinario kolektibo berri bat sortu eta sustatzea.

 

Gorputz praktikak ardatz, historia ezkutua azaleratzeko

Gorputz praktiken bitartez azaldu du Astigarragako emakumeen historia, liburuan: «Gorputzarekin egindako edozein ekintza da gorputz praktika bat, testuinguru jakin batean kokatzen dena. Izan daitezke jolasa, dantza, lana, hizkuntza, eguneroko ekintzak, ohiturak, keinuak eta mugimendu oro».

Izan ere, «bere garaian beharbada garrantzirik ez zuten praktikak» ekarri nahi ditu gaur egunera, eta horiek erdigunean jarri, emakumeari nagusitasuna emanez.

Lurdes Odriozola historialariarekin izandako hartu-emanetik abiatu zuen ikerlana Amets Castrejanak. Hortik aurrera, herriko emakumeen testigantzak bildu ditu, eta eztabaida partehartzaileak burutu herriko kultur elkarte eta elkarte feministekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!