Zarkumendegiko industriagunea hiritartzeko lehiaketa dagoeneko, abian

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 22a, 00:00

Eskaintzak aurkezteko epea otsailaren 2an amaituko dela jakinarazi du Udalak.

Astigarragako Udalak aspaldi zuen erronketako bat izan da Zarkumendegi eremuaren hiritartzea gauzatzea. Eremu ia osoa, futbol zelaiaren eremua izan ezik, industriagune moduan dago kalifikatuta Plan Orokorrean, eta egiazko industriagunean bilakatzeko hiritartzea gauzatzea ezinbestekoa dela aitortu du Udalak.

Gainera 2003garren urteko epai baten ondorioz, Astigarragako Udalak bertan, Rezola enpresari 4624 metro karratuko lur-sail hiritartua lagatzeko obligazioa du eta horregatik, ezinbestekoa da hiritartzea behingoz gauzatzea. Hiritartzea gauzatu ezean, Astigarragako Udalak Rezolari kalte-ordain esanguratsua ordaindu beharko lioke. 

Kalte-ordainen ondorioz, Udalari zulorik ez eragitearren eta aurreko legealdiko noraezaren ondoren, 4 urte hauetan udal-gobernuak oraindik egiteko zeuden etxeko-lanak betetzeari ekin dio eta horretarako hainbat hirigintza-agiri idatzi eta izapidetu ditu, besteak beste, Plan Partziala, Hiritartze-proiektua eta Galtzaur errekaren azterketa hidraulikoa... Eta Udalak aditzera eman du agiri hauen guztien tramitazio korapilatsuan, URAren, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen sailaren eta Añarbe Mankomunitatearen ekarpenak eta oniritziak jaso direla. 

Lehiaketa honen bidez, Zarkumendegi eremuaren hiritartzea gauzatuko da, hala nola, espaloiak eta aparkalekuak egokituko dira, errepidea asfaltatuko da... Era berean, Udalak aitortu du hobekuntza nabarmenak izango dituela eremuak: «ingurumen aldetik, hobekuntza izango du. Izan ere, Galtzaur eta Zarkumendegi errekak, zati haundi batean, agerira aterako direlako (gaur egun lurperatuta daude)». Zarkumendegi eta Galtzaur erreken uholdeak ekiditeko neurriak ere hartuko dira: «obrak 23 hilabetez luzatu dira, hau da, bi urtez» dio Udalak. 

 

6.801.050,75 euroko aurrekontua

Lan hauek guztiak 6.801.050,75 euroko (BEZa kanpo) aurrekontua dutela jakinarazi du Udalak eta Zarkumendegiko eremuaren 'D' lur sailaren jabetza eskuratzearen truke egingo ditu lehiaketa publikoaren esleipendunak: «'D' lur-sailak Zarkumendegi industriagunearen fondoan kokatzen den 26.666,10 metro karratuko lur-saila da. Hiritartzea gauzatzeaz gain, esleipendunak 187.323.25 euroko ordainketa egin beharko dio Astigarraga Lantzen S.A enpresa publikoari». Ekarpen honi esker, enpresa publiko honek Astigarragako Udalarekin duen zor osoa kitatuko du, eta bidea erraztuko dio Astigarraga Lantzen S.A enpresa publikoaren behin-betiko desegitea gauzatzeko. 

Lehiaketa honekin, Astigarragako Udalak 37 urte ondoren, jarraian zerrendatutako ekintzak gauzatu ahal izango ditu: Zarkumendegi eremuaren hiritartzea gauzatzea; Rezolarekin dituen konpromisoak betetzea; Zarkumendegiko futbol-zelaiaren egoera hobetzea; eta Udalak eremu horretan dituen beste lur-sail batzuk errazago saltzeko aukera izatea, eta horrenbestez, operazio horrekin lortu daitekeen dirua, herriak hain beharrezkoak dituen azpiegitura eta ekipamenduetan inbertitzera bideratuko du. Eskaintzak aurkezteko epea otsailaren 2an amaituko da, eta planoa Kronika.eusen dago ikusgai. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!