Astigarragako 46 familiak jaso dituzte hobariak udal tasetan, eta beste 10 kasu aztertzen ari dira

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 19a, 00:00

Onartutako eskaeretatik 28k jaso dute %90eko hobaria, 9 eskabidek %75ekoa, eta beste 9k %50ekoa. 34 eskarik ez dituzte baldintzak bete. 

Astigarragako 46 familiak lortu dituzte hobariak udal tasetan. Guztira 90 eskaera jaso ditu udalak, eta horietatik 46 onartu dira dagoeneko. Beste 10 aztertze prozesuan daude, eta dokumentazio osagarria aurkeztu beharko dute familia horiek. Aurtengoan, 34 eskaera izan dira beharrezko baldintzak bete ez dituztenak. 

Astigarragako Udalak hobari hauek martxan jarri zituen baliabide ekonomiko urriak dituzten eta udal tasa eta zerbitzuen ordainketei aurre egiteko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko. Hala, hobaria lortzen duten herritarrei udal-zerbitzu eta tasetan onura ekonomikoak aplikatzen zaizkie. 

Bost tasari aplikatzen zaizkie eskainitako hobariak: ura, zabor bilketa, hilerri zerbitzua, gaztelekuko jarduerak eta kultur ikastaroak. Hobaridun izaera aitortzen zaien herritarrei zerbitzu guztietan aplikatzen zaie laguntza. 

Udalak hiru mailatan sailkatzen ditu hobaridunak; familia-unitatea osatzen duten kide kopurua eta diru-sarrerak kontuan hartuta. Maila altuena %90ekoa da, kasu hauetan onuradunek tasen %10a ordaintzen dute; bigarren maila %75ekoa da, eta tasen %25a ordainduko dute hobaridunek; eta, azkenik, %50eko laguntza dago, tasen erdia bakarrik ordaintzeko. Aurtengo kasuan, orain arte onartu diren 46 eskaeretatik 28k jaso dute %90eko hobaria. 9 eskabidek %75eko hobaria izango dute, eta beste 9k %50ekoa. Udala beste 10 eskaera aztertzen ari da, eta urtarrilaren 17ra arte dute familia horiek dokumentazio osagarria aurkezteko epea. 

Aurreko urteko datuekin alderatuta, ia hirukoiztu egin da jasotako eskaeren kopurua; 39 izatetik 90 izatera pasa dira. Iaz 31 eskaera onartu ziren. 

 

Astigarragako Udalak %29an haunditu ditu Gizarte Saila indartzeko aurrekontuak

Zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonen eta familien babes soziala haunditzea da laguntza hauen helburua. Astigarragako Udalak martxan ditu, besteak beste, gizarte larrialdietarako laguntzak, gutxieneko errenta eta familientzako laguntzak. 

Aurrekontuetan ere nabarmen igo dira laguntzetara zuzendutako partidak: 2023ko aurrekontuetan Gizarte Saila indartu nahi izan dute, eta %29an haunditu ditu saileko aurrekontuak, aurrekontu orokorra %7 hazi den bitartean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!