Bihar eguerdiko 12:30etan, Euskal musika geureganatuz izenpean, elkarrizketa musikatua eskainiko dute Mihise Kultur Elkarteko kideek. Erriberan izango da, eta Arantzazuko Ama ikastetxeko 4garren mailako ikasleentzat antolatu du saioa Astigarragako Udalak.
Mihise Kultur Elkarteak honakoa gogoeta egin du: «Harrituta geratuko ginateke, ausaz hartutako 15 urteko nerabe batek duen euskal kulturaren inguruko ezagutzarekin. Eta ez gara ari adin horretan hain beharrezkoa duten helduen aurkako iraultza horretaz, tartean gazteen kontrakultura. Baizik eta euskal musikarekiko duten ezjakintasunaz eta, ondorioz, horrek dakarren euskal musikaren bizipen faltaz. Arrotza zaie. Sortzaileak hezteko orduan, zer sortuko du musika ingelesez bakarrik edaten duen sortzaileak?».
Horren harira, gaineratu dute: «Kultura globalizatu kontzeptua zabalduta dago, baina arazoari zehatzago begiratuz, esan genezake kultura deslokalizatu egin dugula (digutela). Kontsumitu kontsumitzen da, baina ikasleek musika euskaraz entzutea desprestigio moduan ikusten dutenez, beste tokietakoa kontsumitzen dute, espainiarra eta anglosaxoia».