Pantailak Euskaraz ekimenaren aurkezpena, bihar, Erriberan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 17a, 00:00
Iñigo Arandia (ezkerrean) izango da hizlari bihar, Erribera kulturgunean.

Iñigo Arandiak emango du horren berri, 18:00etan hasita. Hilaren 24an, berriz, Hernanin aurkeztuko dute proiektua, Plaza Feministan. 

Zilegi Eskolak antolatuta, Pantailak Euskaraz ekimenaren aurkezpena egingo dute Hernanin eta Astigarragan, urtarrilean. Ikus-entzunezkoen munduan euskerak duen presentzia exkaxarekin kezkatuta, zenbait herri ekimenek nahiz eragilek Pantailak Euskaraz ekimena sortu zuten. Pantailak Euskaraz osatzen dute honakoek: Disney euskaraz, Netflix euskaraz, Zinemak euskaraz eta Game erauntsia ekimen herritarrek, eta Tinko euskara eta Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkarteek.

Hala, egitasmoaren berri ematera zein euskera zer, non eta nola kontsumitu daitekeen erakustera bertaratuko dira Urumea bailarara, ekimeneko ordezkariak.

Bihar, Iñigo Arandia kidea izango da Astigarragan, arratsaldeko 18:00etan Erriberan. Eta hilaren 24an, Alex Aginagalde etorriko da Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministara, arratsaldeko 18:00etan.

Bi solasaldi hauek interesgarriak izango direnez, Hernanialdeko AEKk herritarrak gonbidatu nahi ditu: «Animatu eta ezagutu egitasmoa, eta euskerazko ikus-entzunezkoen egoeraren berri izango duzue».

Kritiko agertu da Pantailak Euskeraz egitasmoa, Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrarekin 

Ikus-entzunezkoen arloan, solaskide izatea lortu du Pantailak Euskaraz ekimenak, EITBko eta streaming plataformetako ordezkariekin bilduz, produktuen euskerazko eskaintza zabaltzeari begira. Gainera, kritiko agertu dira Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrarekin. Besteak beste, kezka adierazi dute fikziozko produktuen eskaintzak telebistan duen presentzia urriarekin. Erakunde arteko harremanetan aritu ez ezik, kaleko mobilizazioetan ere bildu izan dira, hala nola, 2022ko Donostiako Zinemaldiaren aurreneko egunean, Kursaal aurrean elkarretaratzea eginez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!