Murgiako jolas-eremua esperimentazio eta trebatze gune naturala izango da

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 15a, 00:00

Laister esleituko dute obra.

Laster jarriko da martxan obrak esleitzeko lehiaketa, eta obren iraupena 10 astekoa izatea da Astigarragako Udalaren aurreikuspena.

Murgiako jolas-eremua haur eta nerabeentzako trebatze gune natural bihurtuko du Astigarragako Udalak. Gunearen eraldaketa, abenduko obra batzordetik pasa ondoren, alkatearen dekretu bidez onartu da. Horrenbestez, Udalak laster jarriko du martxan obrak esleitzeko lehiaketa, eta, aurreikuspenen arabera, 10 aste iraungo dute lanek, esleitzen diren momentutik.

Murgiaren kasuan, eremuak inguruan dituen elementu naturalak aprobetxatuko dituzte, haurrei zuzendutako trebatze eta esperimentazio gune natural bat sortzeko. Besteak beste, honako jolasguneak sortzea da proiektuaren asmoa: hondartegi bat, garai bateko iturria aprobetxatuta; oreka-gunea lantzeko gune bat sareak, enborrak, harriak eta sokak erabiliz; eta, azkenik, haurrak eta nerabeak trebatzeko eremu naturala, Murgian bertan dagoen malda aprobetxatuta. Guztira, 66.013,27 euroko aurrekontua izango du eremuaren eraberritze proiektuak.

Beste bi gune berrituko dituzte datozen urteetan

Murgiako jolas-gunearen eraldaketa hilabete batzuetako lanaren emaitza da. 'Jolastuko al gara' prozesua baliatuta, herrian dauden jolasguneak identifikatu, aztertu eta eraberritu behar direnen irizpideak ezagutu dituzte.

Bi fasetan banatu zuten prozesua; lehenik, aurrelanketan, jolasguneak identifikatu eta aztertu zituzten, Gaztelekuko nerabeekin eta Herri Eskolako haurrekin batera. Bigarren fasean, aldiz, herriko 6 jolas-gune berritzeko irizpideak zehaztu zituzten, eta horietatik 3 eremutan egingo dira obrak datozen urteetan: Murgian, Sagardo plazan eta Ibai-parkean. Sagardo plazan gune urbanoa sortzea da asmoa, eta Ibai-parkea belaunaldien arteko aisialdi gune batean bilakatu nahi du Astigarragako Udalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!