«Helburua ez da marka zehatz bat lortzea, kirola taldean egiteko aukera sortzea baizik»

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 14a, 00:00

Iratxe Nuñez, Erika Latasa eta Garazi Luque, Astigarragako Emakumeon Etxeko atarian.

Abenduaren 5ean egin zuten Lilatoia prestatzeko lehen talde entrenamendua, Astigarragan. Une hartan hasiberriak ziren Garazi Luque, Erika Latasa eta Iratxe Nuñez, korrika egiteari gustua hartuta, pozik egingo dituzte lasterketako 5 kilometroak. 

«Denbora tarte txikian hobekuntza haundia nabaritu dugu, ez genuen halakorik espero». Hala aitortzen dute, irribarre zabal bat ahoan dutela, Garazi Luquek, Erika Latasak eta Iratxe Nuñezek. Abendu hasieran egin zuten Lilatoia prestatzeko lehenengo talde entrenamendua, eta ordutik fin mantendu dituzte asteroko zitak. Herriko zenbait elkarte eta eragileren artean sortutako egitasmoa da talde hau; Astigarragako Emakumeon Etxetik sortu zen ideia, eta kiroldegiaren bitartez zabaldu zen herrian: «Whatsapp talde bat sortu genuen. Hasieran 10 pertsona animatu ginen, eta orain 35 inguru gara. Ahoz ahokoak funtzionatzen du, jendeak ikusten du zerbait mugitzen ari dela, eta horrekin batera animatzen da».

Lehenengo entrenamendura urduri eta ziurgabetasun haundiarekin joan ziren Luque, Latasa eta Nuñez. Hasiberriak ziren korrika egiten, ez zuten inolako esperientziarik, eta muga ugari jartzen zizkion bakoitzak bere buruari: «Sekula ez genuen halakorik egin, eta ez genuen uste korrika egitea gustatuko zitzaigunik. Gu hiruok guztiz hasiberriak ginen mundu honetan». Hala, kiroldegiko monitoreen laguntza izan zuten hastapenetan, eta bi maila sortu zituzten, bakoitzaren beharretara egokitu ahal izateko: hasiberriak eta ertainak. 

Luquek duela 10 urteko Lilatoia egin zuen, baina denbora asko pasa du korrika egin gabe: «Nire kasuan, bakarrik ateratzeak beldurra ematen didalako animatu nintzen taldera. Bakoitzak maila ezberdina daukagu, ni, normalean, atzetik joaten naiz». Latasak ere unibertsitate garaian probatu zuen azkeneko aldiz korrika egitea, eta entrenatzeko ohiturak sortzeko aitzakia modura hartu du taldea: «Konpromezua sortzen da taldean. Egia da ez dela beharrezkoa beti joatea, baina joaten ez zarenean burua bueltaka hasten da. Gehiagotan animatzen zara, eta errazagoa da entrenatzea». Nuñez da hiruretatik sekula korrika egin ez zuen bakarra, nahiz eta gainontzeko kideek nabarmentzen duten «oso abila» dela. Azkenean, esperotakoaren kontra, gustua hartu dio kirolari: «Nik ez dut korrika sekula egin. Taldea sortu zenaren mezua iritsi zitzaidan, eta ikusi nuen bi maila sortuko zituztela. Horregatik erabaki nuen animatzea. Gustukoa izan ezean erretiratzeko ideiarekin hasi nintzen, eta, azkenerako, gustua hartu diot. Oso motibatuta nago Lilatoiaren erronkarekin». 

Bakarka egin daitekeen jarduera talde-kirolean bihurtzea da egitasmoaren helburuetako bat. Taldekide gehienak bistaz ezagutzen ziren aurretik, baina ez zeukaten harreman esturik: «Asko eskolatik eta haurrengatik ezagutzen gara, gehienok dauzkagu seme-alabak, baina ez genuen elkar ezagutzen», azaldu du Luquek. Orain, aldiz, kirola egiteko tartean topatu dute ezagutzeko aukera, eta, pixkanaka, estutzen doaz harremanak: «Orain harreman polita sortu dugu, talde giro ona daukagu», gehitu du Nuñezek. 

Taldean 35 pertsona inguru diren arren, 5 edo 6ko taldeetan ibiltzen dira gehienetan. Egun finko batzuk mantentzen dituzte astean zehar, eta beti ahalbidetzen dute ordutegi guztietara egokitzeko aukera: «Hasieran astelehen, ostegun eta larunbatetan geratzen hasi ginen, baina orain hasi gara espontaneoago geratzen. Bakoitza bere ordutegira moldatzen da. Taldean jartzen dugu korrika egitera joateko asmoa daukagula, eta jendea animatzen da. Egun batean 14 pertsona batu ginen», dio Luquek. 

Ibilbideari dagokionez, Lilatoian egin beharreko 5 kilometroak prestatzeko, Astigarragatik Martutenera doan bidea baliatu dute; Lilatoiean egin beharreko bidearen antzeko ezaugarriak dituelako. Latasak aipatu du bide seguruena dela taldean korrika egiteko: «Gehienetan arratsaldez ateratzen gara, iluntzen duenean. Orduan, gustua hartu diogu ibilbide horri argia duelako, eta lasai ibiltzeko aukera dagoelako. Ibilbide guztian ikusten dugu non dagoen bakoitza. Egia da eduki nahiko genituzkeela beste alternatiba batzuk, baina seguru sentitzeko, oraingoz, hortik entrenatzen dugu». Seguru sentitzearen garrantzia nabarmendu du Nuñezek ere, nahiz eta bidea errepikakorra egiten zaion: «Egia da pixka bat aspergarria dela egunero bide berean entrenatzea. Hala ere, ni egunen batean bakarrik joan izan naiz, eta beste bide batzuk probatzean ohartu nintzen zenbat traba egon daitezkeen; kotxeak, jendea... Horregatik, momentuz, hobe da aspergarri xamarra izatea, arriskuak ekiditen diren bitartean». 

 

«Hobekuntza fisiko haundia nabaritu dugu» 

Hilabete bat bete dute dagoeneko talde entrenamenduetan, eta hobekuntza fisikoa nabarmena dela aipatzen dute hiru kideek. Hasierako asteetan kiroldegiko langileek jarritako plana jarraitu zuten, minutu 1 korrika eta beste 1 oinez osatuta. Pixkanaka, korrika egiteko minutuak luzatuz joan ziren, oinezko tarteak mantenduz, Nuñezek proposamen edo erronka berri bat bota zuen arte: «Hirugarren astera arte jarraitu genuen kiroldegiko dinamika, eta entrenamendu batean proposatu nuen 5 kilometroak jarraian korrika egitea. Niri hala gomendatu zidaten; poliki-poliki egitea, bakoitzak ahal zuen erritmoa mantenduta, baina bide osoa korrika. Taldeko guztiek onartu zuten, eta halaxe hasi ginen». 

Proposamena egin zuenetik, guztiek egiten dute ibilbidea korrika, nahiz eta hasieran ez ziren 5 kilometroak egiteko gai sentitzen: «Inpaktantea izan zen dena korrika egiteko proposamena, baina moldatu ginen. Betiko bidean entrenatzea abantaila izan zen momentu horretan, bagenekielako noraino iristen zitzaigun indarra, eta erreferentzia onak genituelako. Horrek asko lagundu zigun», azaldu du Latasak.  Luque ere harrituta geratu da hilabete bakarrean izan duten progresioarekin: «Ez genuen uste 5 kilometroak bukatuko genituenik, baina orain ateratzen garenero egiten ditugu. Poliki, baina dena korrika». Ibilbide guztia korrika egin ahal izateak sortzen duen motibazioa bilatu nahi izan zuen Nuñezek proposamena egiterakoan: «Oinez eta korrika egitetik guztia segidan egitera pasatzeak motibazio haundia sortzen du. Sentsazio oso onak sortu dizkigu». Une honetan, gutxigorabehera, 30 minuturen bueltan egiten dituzte 5 kilometroak.

Izandako progresioaren ondorioz, hasieran sortu zituzten bi taldeak hiru taldetan banatu dira orain, lehen hasiberriak zirenek asko hobetu dutelako, eta denbora tarte honetan kide berriak gehitu zaizkielako. Hala ere, talde giroa mantentzen jarraitzen dute: «Hasi ginenean batzuk ez genuen inoiz korrika egin, orduan denok batera hasten ginen. Beste batzuk zuzenean 5 kilometroak jarraian egiten zituzten. Orain guk korrika egiten dugu bide guztia; eta besteei motz geratzen zaizkie 5 kilometroak. Duela gutxi hasi direnak, aldiz, gu hasi ginenean bezalaxe daude; hala ere, sekula ez da inor bakarrik joaten, eta bakoitzaren mailara moldatzen da taldea». 

Astigarragatik Martutenerako bidean entrenatzen du taldeak.

Kirola egiteaz gain, taldearen garrantzia azpimarratzen dute hiruek. Maila desberdinak sortzeak ez du oztopatzen egitasmoaren muina: «Beti ibiltzen gara atzean geratzen direnak non dauden edo noiz datozen begiratzen. Ni, gainera, atzean joaten naiz normalean, baina jakiteak bidearen bukaeran jendea nire zain dagoela, beldurrak uxatzen dizkit», azaldu du Luquek. Latasak ere taldearen beharra sumatzen du korrika egitera ateratzeko momentuan: «Jende asko ateratzen da bakarrik, baina niri, egia esanda, asko kostatzen zait bakarrik ateratzea. Taldeak babesa ematen dit, mota askotako babesa. Kirola egiteko konpromezua sortzen da, eta korrika zoazen bitartean ere asko laguntzen dit. Bakarrik askoz ere lehenago nekatzen naiz», eta gehitu du «taldeko kideentzat helburua ez dela inolako marka lortzea, kirola egiteko aitzakia bilatzea baizik».

 

Lilatoia begi-bistan

Aitzakia horren abiapuntua martxoaren 5ean izango da, Donostiako kaleetan. Lilatoia iristear da, eta urduritasuna areagotzen ari da korrikalarien artean. Luquek duela 10 urte parte hartu zuen, baina aurtengo esperientzia oso bestelakoa izango dela iruditzen zaio: «Oso ezberdina izango da, lehen beste momentu batean nengoen, gazteagoa nintzen, baina oraingoan prestatuago nago. Orduko hartan 34 minututan egin nuen, eta ea oraingoan zertxobait jaisteko aukera dudan, polita izango litzateke». 

Latasarentzat eta Nuñezentzat, aldiz, lehenengo Lilatoia izango da, eta kontatu dizkieten erreferentzien bidez irudikatzen dute eguna: «Pentsatzen dugu autobus bat alokatu beharko dugula hemendik joateko. Asko izango gara, eta sekulako festa egongo da; batukada, dantza, jendea... Korrika egiteko ez da egoera onena izango, baina giro bikaina espero dugu». Martxoaren 5era forma onenean iristeko 5 kilometroko lasterketa batean parte hartuko dute lehenago, urduritasuna kudeatzen ikasteko eta karrera bateko bizipenak ezagutzeko.

Hortik aurrera, abenduan hasi zuten ibilbidea ez da martxoan bukatuko: «Ideia jarraitzea da, entrenatzeko ohitura mantentzea. Lilatoia hasteko aitzakia izan da, baina benetako helburua martxan jartzea zen. Nik, gainera, taldean jarraitu nahi dut; badakit bakarrik ez naizela aterako», azaldu du Luquek. Taldeak martxan jarraituko du, beste helburu batzuk finkatuta. Horregatik, zalantzan dagoen jendea animatu nahi dute entrenamenduetan parte hartzera, inongo konpromisorik gabe: «Nik pare bat lagun sartu ditut dagoeneko, eta gure esperientzia ezagututa erraz animatzeko moduan daude. Azkar ulertzen da zentzua duela egiten ari garenak. Gainera, ez gara eszepzioa, ez gara bereziak, guk egin badugu edonork egin dezake. Pozik eta gustura ikusten gaituzte, eta jendea animatzen ari da», dio Latasak. Nuñezek ere edonor animatu daitekeela nabarmendu du: «Guztiei esango nieke animatzeko, dudarik gabe. Adin guztietako jendea egon daiteke, taldean badaude 50 urtetik gorakoak, eta adina ez da inolako oztopoa parte hartzeko. Taldea laguntzeko prest dago, eta gustura sentituko dira». Taldean parte hartu ahal izateko Astigarragako Emakumeon Etxearekin jarri behar da kontaktuan, bertara joanda edo emailez (emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com).

Guztiaren gainetik, esperientziak balio izan die ohartzeko bakoitzak bere buruari jarritako mugak gainditzeko gai direla, eta taldean lan eginda dena dela errazagoa: «Egiten ari garena egiteko gaitasuna izatea eta egunerokotasunean kirol jarduerak berreskuratzea oso pozgarria da guretzat. Mugak jartzen genizkion gure buruari, eta mugak hausten ari gara. Egin dugunarekin pozik egoteko moduan gaude».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!