Bertsoekin, dantzekin, sagardoarekin eta ilusioarekin eman zitzaion hasiera, 2023ko txotx denboraldiari

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 14a, 00:00

XXX. Sagardo Berriaren Eguneko aurkezpenean, Maider  Lopetegik uztari buruzko xehetasunak eman zituen, besteak beste: «2022ko uzta txikia izan da lehorteengatik, 2021ekoarekin alderatuta. Espero dugu datorren urteko uzta orekatuagoa izatea».

Asteazkenean ireki zen 2023ko aurreneko kupela, eta goiz osoan zehar sagardoaren bueltan, zenbait ekintza egin ziren Astigarragan. Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, XXX. Sagardo Berriaren Eguna ospatu  zuten sagardogileek, sagardo munduan adituek eta gonbidatuek. Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola izan ziren asteazkeneko protagonistak eta 2023ko txotx boladari hasiera paregabea eman zioten sagardo berria dastatuz eta 'Gure sagardo berria' oihukatuz. 

Eguerdiko 12:00etan Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea eta Sagardun Partzuergoko lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko ordezkariarekin batera Sagardoetxean aurkezpena egin zuten; uzta berria aurkeztearekin batera, sagarraren nahiz sagardo berriaren ezaugarriak ere ezagutarazi zituzten, besteak beste. Xabier Urdangarinek hartu zuen hitza, honakoa azpimarratuz: «egun haundia da gaurkoa Astigarragan. Bolada polita dator. Sagastia loretan ikusi genuen, udazkenean sagarrak bilduta, orain dastatuko dugu horren emaitza. Jende asko etorriko da Astigarragara eta inguruko herrietara eta horregatik, bi ideia azpimarratu nahi ditut: alde batetik, gonbitea egiten dut, sagardotegiez  gozatzera eta sagardo ezberdinak ezagutzera; eta beste aldetik, eskatu nahi dut begirunez tratatzea gure herriak eta herritarrak, eta jakina ez dugula onartuko inolako eraso matxistarik eta homofoborik». Segidan, Astigarragako alkateak Bittor Orozi pasa zion hitza, Nekazaritza, arrantza eta elikagaien politikako sailburuordeari: «gaurko egunak bereziki garrantzia ematen dio Sagardo Jatorri Izendapenak daukan indarrari. Izan ere, ez gara ari hitz egiten produktu batez soilik, hitz egiten ari gara sagar ekoizpenaz, garapenaz, kalitateaz, tradizoaz eta etorkizunaz, gure herriaren izaeraz... Jatorri izendapena duela 6 urte sortu zen eta bilakaera oso positiboa izan da». 

Jarraian, Gipuzkoako Foru Aldunditik Javier Larrañagak hartu zuen hitza, Ekonomia sustapeneko, turismoko eta landa eremuko diputatuak. Elkarlana goraipatu zuen: «sagardogintza ikur bat da, gure kulturaren parte haundi bat. Denon lotura nabarmena da eta ezinbestekoa. Sagardogintzak oso konponente garrantzitsuak dauzka, hala nola, ezagutza, garapena, esperimentazioa eta ikerketa ikuspuntutik. Eta amaitzeko esan nahi dut elkarlanak eramango gaituela etorkizun oparo batera».

Larrañagak amaituta, Jesus Garcia, Eusko Jaurlaritzako turismo eta komertzio kontseiluordea, jarri zen mikrofonoaren aurrean: «Euskal Herrian dugun turismoa goraipatu beharra daukat. Eremu txikia bagara ere, asko baitugu eskaintzeko, beraz, zorionak!». 

Maider Lopetegi ere hizlari izan zen eta uztari buruzko xehetasunak eman zituen: «2022ko uzta txikia izan da lehorteengatik, 2021ekoarekin alderatuta. Espero dugu datorren urteko uzta orekatuagoa izatea». 

Lopetegik amaituta, Ion Zapiainek jarraitu zuen hizlari papera hartuta eta aurtengo sagardo berriaren ezaugarriak zeintzuk diren azaldu zituen: «Aurten bi faktore oso garrantzitsu egon dira; alde batetik, lehortea; eta bestetik, uzta txikia. Bi urtean behin izaten dugu uzta txikiagoa eta horrek ekarri du sagar kantitate gutxiago. Hala ere, denboran egonkorragoak izango diren sagardoak izango dira. Uzta guztiak dira zailak, eta ez dut esango urte honetakoa izan dela zailena, baina bizi dugun aldaketa klimatologikoak medio, geroz eta garrantzi haundiagoa du sagarrean lan egiteak, sagarraren kontrolak, eta sagarraren eboluzioak».

Aurkezpenari amaiera emateko, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola «ilusioz eta pozik» agertu ziren: «ez gaude urdurik, baina aurrekoak entzun eta gero, konturatzen zara ez dakizula hainbeste gaiaz. Guretzako ohore haundi bat da 2023ko txotx denboraldiari hasiera ematea».

Aurkezpena amaitu ostean, sagarrondo eder bat landatu zuten bi artistek Sagardoetxeko sagastian, eta beraien trebeziaren kontura, barre batzuk eragin zituzten Agin Laburu eta Alaia Martin bertsolariek: 

 

Jon ta Aitziber aritu dira 
bastante itxura trebez, 
baino arpa pixkat 
jo nahiko nuke 
bilduta gaudenez jendez
Jon Plazaolak 
zuhaitz luze bat
alda dezala mesedez, 
ta Aitziberrek 
bonsai txiki bat 
nahikua leukake berez. 
 
Biak gustora ikusten ditut
puzzle hori nola osa
ezin asmatuz 
nahiz izan duten 
atxurrarekin kaosa
talai txiki hau begiratzeko 
dugu leku aproposa 
ikus dezagun 
nola hazten den 
hurrengo urteko poza.

 

Sagardoetxetik, Alorreneara 

30garren edizio honetan ere, une berezi bezain garrantzitsua izan zen 2023ko txotx irekiera. Pasa den urtean, Gurutzetan izan zen, baina aurten, lekukoa pasa dio Alorreneari, eta bertara gerturatu ziren, Sagardoetxeako lanak amaituta. 

Alorrenean, txalapartarien deiarekin batera, sagar dantza dantzatu zuten Astigar dantza taldeak eta sagardogileek Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreak gonbidatu zituzten soka dantzan parte hartzera, sagardo berria dastatzeko. Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak beti bezain umoretsu 'Gure sagardo berria' oihukatuz ireki zuten 2023ko sagardo denboraldi berria.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!