Gaur irekiko dute 2023ko txotx denboraldia, Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 11a, 00:00

'Gure Sagardo Berria' oihukatuz irekiko dute txotx denboraldia, Garmendiak eta Plazaolak.

Txotx irekiera streaming bidez emitituko dute, Sagardoaren Lurraldearen Youtubeko kanalean: https://labur.eus/S8Jbp

Urte hasierarekin batera, badator urteko lehen kupela irekitzeko unea. Gaur, Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, XXX. Sagardo Berriaren Eguna ospatuko dute, Astigarragako Sagardoetxean. Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola izango dira gaurko protagonistak, izan ere, 'Gure Sagardo Berria' oihukatuz irekiko dute 2023ko txotx denboraldia; aurretik sagarrondo bat landatuko dute. Sagardo berriaren dastaketa Astigarragako Alorrenea sagardotegian ospatuko dute, baina aurrena, txalapartarien deiarekin batera, sagar dantza dantzatuko dute Astigar taldeko dantzariek, eta ondoren, sagardogileek Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola soka dantzan parte hartzera gonbidatuko dituzte, sagardo berria dastatzeko gonbitea luzatuz. Txotx irekiera zuzenean jarraitu nahi dutenentzat, streaming bidez emitituko dute  Sagardoaren  Lurraldearen Youtubeko kanalean, esteka honetan, hain justu: https://labur.eus/S8Jbp. 

Horrez gain, gaurko ekitaldiari doinua eta errimak jartzeko, bi bertsolari arituko dira kantuan: Alaia Martin oiartzuarra eta Agin Laburu astigartarra.

Garmendia eta Plazaola 

Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola euskal agertokietan nahiz telebistan erreferente diren bi aktore dira, umorea indargune dutela. Aitziber 11 urterekin igo zen lehen aldiz agertoki batera, eta momentu hartan argi ikusi zuen bere grinetako bat antzezlea izatea zela; oholtza gainean gozatu egiten zuelako. Jonekin batera, aktore lanbideaz gain, hainbat alderdi arakatzen dituzte; biak aritu dira aurkezle, umorista nahiz gidoilari lanetan.  

«Iaz baino  bertako sagar gutxiago»

Sagardo munduan aditu direnek jakinarazi dute iazkoa baino sagar uzta txikiagoa izan dela aurtengoa: «baina sagastiek izaera handiko sagarra eman dute. Beroaren eta lehortearen eraginez sagar kantitate haundia erori da aurten, eta sagarraren heldutasunean ere eragina izan du. Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko sagardoa ekoizteko, 249 sagargileren bi milioi kilo inguru sagar erabili da».

Hogeita bigarren urtez jarraian, irailaren hasieran kontrol bat egin zen Fruitel eta Sagardoaren Lurraldearen artean, Gipuzkoako sagasti batzuetako sagarren egoera ezagutzeko. Horretarako, Gipuzkoako zenbait sagasti jarraitu eta 14 barietate kontrolatu ziren: Aritza, Errezila, Gezamina, Goikoetxe, Manttoni, Moko, Mozolua, Patzolua, Txalaka, Udare Marroi, Urdin, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki eta Verde Agria.

XXX.SAGARDO BERRIAREN  EGUNA 2023

ASTIGARRAGA

GAUR

12:00 Prentsaurrekoa Sagardoetxean. Bertan azalduko dira 2022ko uztaren ezaugarri nagusiak, sagarraren nahiz sagardo berriaren ezaugarriak eta sagardoaren kulturako gertaera garrantzitsuenak.

12:45 Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek sagarrondo bat landatuko dute Sagardoetxeako sagastian.  

13:30 Txalapartarien deiarekin batera, sagar dantza dantzatuko dute, Alorrenea sagardotegian, eta ondoren, sagardogileek Aitzber Garmendia eta Jon Plazaola soka dantzan parte-hartzera gonbidatuko dituzte.

13:45 Alorrenea sagardotegian 'Gure Sagardo berria' oihu eginda, sagardo berria dastatuko dute euskal aktoreek. Eta honekin, 2023ko txotx denboraldiari hasiera emango zaio.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!