Urtea amaitu eta urte berriarekin batera, Sagardo Berriaren Eguna ospatzeko garaia iritsi da. Sagardoaren Lurraldeak etzi irekiko du 2023ko lehen kupela: Astigarragako Alorrenea sagardotegian.
Txalapartarien deiarekin batera, sagar dantza dantzatuko da Alorrenea sagardotegian, eta ondoren, sagardogileek Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola soka dantzan parte-hartzera gonbidatuko dituzte sagardo berria dastatzeko. Bi artista gipuzkoarrak izango dira beraz, aurten, Sagardo Berria dastatuko duten lehenengo gonbidatuak, 13:45ak aldera.
Urtero moduan, Txotx 2023 denboraldi berriaren hasieran Gipuzkoako sagardogintzak ekitaldi gehiago antolatu ditu, sagardo berriari ongi etorria emate aldera. Horrela, 2022ko uztaren, sagardo berriaren eta sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenen ezaugarriak aurkeztuz. 12:00etan prentsaurrekoa izango da Kultur Etxe Zaharrean eta ondoren Garmendiak eta Plazaolak sagarrondo bat landatzeko ekitaldi sinbolikoa ere egingo dute, urtero lez. Jarraian, txalapartak girotuta 'sagar dantzak' hartuko du protagonismoa eta ondoren, soka dantza baten bueltan bilduko dira sagardo ekoizleak. Ondoren, 'Gure sagardo berria!' oihukatuz, 2023ko txotx denboraldi berriaren hasiera iragarriko da.