Ongizate emozionalari buruzko doako ikastaroak bihar hasiko dira

Kronika - Erredakzioa 2023ko urt. 9a, 00:00

Saioa Garmendiak eskainiko du tailerra.

20 saio izango dira, astearteetan, Kultur Etxe Zaharrean eta Saioa Garmendiak gidatuko ditu.

Ongizate emozionalari eta autozainketari buruz, doako ikastaroa antolatu du Astigarragako Udalak, datozen hilabeteetarako. Bihar hasiko da, eta bi astetik behin egingo dituzte saioak, astearte arratsaldeetan. 20 saio izango dira guztira, Saioa Garmendia hezitzailearen eskutik. Kultur Etxe Zaharrean eskainiko du ikastaroa, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.
Doakoa izan arren, izena eman behar izan da aldez aurretik, parte hartu ahal izateko. Plaza mugatuak ditu ikastaroak

«Inoiz baino garrantzitsuagoa da nork bere burua zaintzea»
Herritarren artean «ongizate emozionala sustatzeko asmoz» antolatu du tailerra Udalak. Izan ere, nabarmendu du «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela nork bere burua zaintzea: «Egungo gizartea oso lehiakorra eta zorrotza da, eta eguneroko zurrunbiloak sarritan ito egiten gaitu. Hainbat ardura pilatzen zaizkigu, eta sentitzen dugu ezin garela iritsi. Estresa gero eta hedatuago dago».
Horri aurre egiteko, ikastaroak gune bat eskainiko du «nork bere kezkak partekatzeko eta nork bere burua behatzen eta hobeto ezagutzeko ikasteko». Udalak azpimarratu du, ongizate emozionala izatea dela «bizitza osasuntsu, zoriontsu eta betea lortzeko oinarria. Eta horretarako, funtsezkoa da gure burua ezagutzen ikastea, eta gure emozioak behar bezala hautematea eta adieraztea. Gutako bakoitza gure autozainketaren erantzule gara».

Tailerrean guztira sei gai landuko dira
Hauek dira tailerretan landuko diren gaiak: Nork bere burua behatzen eta hobeto ezagutzen ikasteko gune bat. Nork bere barruko korapiloak askatzeko tresnak lortzea. Nork bere emozioak sentitzea eta lantzea. Nork bere autoestimua hobetzea. Estresa kontrolatzeko erlaxazio-teknikak. Eta nork bere ongizatea lortzeko autozaintza-estrategiak. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!