Izenemate epea zabaldu du Emakumeon Etxeak, 2023ko lehenengo seihilekoko ikastaroetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 29a, 00:00

Lau ikastaro eskainiko dituzte, doan, urtarriletik ekainera bitartean: biodantza, estresaren kudeaketa, brikolajea eta zoru pelbikoa.

Lau ikastaro prestatu ditu Emakumeon Etxeak, 2023ko lehenengo seihilekoan eskaintzeko: zoru pelbikoa, biodantza, estresaren kudeaketa eta brikolajea. Doakoak izango dira denak, baina parte hartzeko, izena eman beharko da aldez aurretik: emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbide elektronikoan, 648 417 157 telefonoan, edo Emakumeon Etxean bertan (Kale Nagusia 23). Urtarrilaren 2ra arte dago epea biodantza eta estresaren kudeaketa ikastaroetan; eta hilaren 6ra arte, brikolajean eta zoru pelbikoan.

Bakoitzak nahi adina ikastarotan hartu dezake parte, baina izena ematerakoan, Emakume­on Etxeko bazkideek izango dute lehentasuna. Plazak muga­tuak dira, eta gaindituz gero, zozketa bidez esleituko dituzte. Gainera, ikastaroak doakoak izan arren, konpromezua beharrezkoa dela ohartarazi dute: justifikatu gabeko bi hutsegitetik aurrera, itxa­ron zerrendako norbaitek har­tu­ko du bere lekua.

 

Urtarrilean hasiko dira hiru ikastaro

Urtarrilean hasiko dira ikastaro horietatik hiru. Biodantza izango da aurrenekoa, eta urtarrilaren 10ean hasiko da. Astean bi egunez egingo dituzte saioak: urtarrilaren 10etik otsailaren 28ra, astearteetan 17:15etatik 18:45etara; eta urtarrilaren 19tik martxoaren 9ra, ostegunetan 10:00etatik 11:30etara. Bizitzaren dantza gisa definitu dute ikastaroa, eta helburua da «musikaren, dantzaren eta mugimenduaren bitartez bizipenak eragitea».

Estresaren kudeaketa lantzeko ikastaroa, berriz, hiru saiotan eskainiko dute: urtarrilaren 16an, 23an eta 30ean, astelehenarekin. Arratsaldeko 15:00etatik 16:30etara izango dira, eta estresa kudeatzeko teknikak landuko dituzte horietan: arnasketak, au­tomasajeak, bioenergetika eta mindfulness.

Urtarrilaren 25ean hasiko da brikolaje tailerra, eta asteazkenetan egingo dituzte saioak, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara, maiatzaren 29ra arte. Bertan, desegingo dute «tresnak manipulatzeko garaian emakumeon ustezko baldarkeriaren eta ezintasunaren mitoa».

Zoru pelbikoari buruzko ikastaroa izango da lauetan azkenekoa. Maiatzean hasiko da hori, eta hilaren 4tik ekainaren 8ra eskainiko dute. Ostegunetan izango dira saioak, bi txandatan: goizez 09:30etatik 11:00etara, eta arratsaldez 17:15etatik 18:45etara. Izena ematerakoan, bi txandetako bat aukeratu beharko da.

Tailer hori izango da zoru pelbikoa ezagutzeko, zaintzeko eta errekuperatzen laguntzeko; eta lagunduko du «autoezagutzan, autozaintzan eta gure gorputzaren ahalduntzean». Jakinarazi dute, «bizitzako edozein etaparako» dela egokia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!