Aurtengoan ere Gabonak alaitzeko asmotan dago Astiko, Astigarragako merkatari, ostalari eta zerbitzu-emaileen elkartea. Ohi bezala, hiru jarduera antolatu dituzte Astigarragan: Gabonetako zozketa, Mari Domingi eta Olentzerori eskatutako oparitxoen zozketa, eta haur eta gaztetxoentzat prestatutako jolas parkea.
Zozketari dagokionez, abenduaren 20tik daude eskuragai boletoak, eta hainbat sari zozketatuko dira bezeroen artean, sari bana establezimendu bakoitzean: Gabonetako saskiak, produktuak, erosketa-baleak... Zozketan parte hartzeko, herriko denda, taberna eta zerbitzuek txartelak banatuko dituzte kontsumizioen truke.
Mari Domingiri eta Olentzerori eskatutako oparien zozketa ere martxan da. Abenduaren 24ra arte egongo da zabalik, herriko saltoki eta establezimenduetan, zozketan parte hartzeko aukera. Horretarako, Astigarragako etxeetan banatu diren gutunak bete eta saltokietako kutxetan utzi behar dira. Zozketa abenduaren 27an egingo da, jasotako gutun guztien artean.
Azkenik, jolaserako tartea ere izango dute astigartarrek. Haur eta gaztetxoei zuzendutako parkea jarriko dute aurten ere; abenduaren 28tik 30era arte. Goiz eta arratsaldez egongo da zabalik parkea, 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00 etara. Herriko hiru gunetan jarriko dira jolas eremuak: Kontxa Etxeberria plazan, Norberto Almandoz Plazan eta Joseba Barandiaran Plazan. Sarrera doakoa izango da.