Dani Rodríguez astigartarra Bartzelonako lehenengo taldearekin hasi da entrenatzen

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 20a, 08:59

Dani Rodríguez lehenengo taldearekin entrenatzen.

Xavi Hernandezek behin baino gehiagotan deitu dio entrenamenduetara azken egunotan, 17 urteko jokalari gazte honi.

Astigarragak badu bere herriko 'Messi'. Dani Rodríguez (Astigarraga, 2005eko abuztuaren 9a) da bere izena eta 17 urte ditu. Aste honetan F.C. Barcelona talde lehenengo taldean ari da entrenatzen eta talde kataluiniarraren azken harri bitxia da futbolari astigartarra. 

Xavi Hernández entrenatzaileak berarengan konfidantza du eta aurten lehenengo taldean minuturen batzuk jokatzea espero da. Hala ere, oraindik goiz da eta etorkizun bikaina du aurretik.

Gainera aurreko urtea ez zen erraza izan Dani Rodríguezentzat. FC Bartzelonako hegalekoak, ilusioz ekin zion bere lehen denboraldiari, Europako 17 urtez azpiko txapelketara ahalik eta hobekien iristeko asmoz. Espainiar selekzioko kide izango zen bere 16 urtez azpiko etapan erakutsi zuen mailari eutsiz gero. Hala ere, dena okertu zen ikasturte hasieran ezkerreko belauneko barne-lotailuan bihurritua izan zuenean. Hasiera batean, lesioak bi hilabeteko baja izango zuen, baina hura kalbario bihurtu zen eta lanarekin eta pazientziarekin lortu zuen gainditzea ia urte osoa galdu eta gero.

Zorionez osatu da eta aurten bere maila erakusten ari da eta horri esker Bartzelonako lehenengo taldearekin ari da entrenatzen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!