Astigarragan kontsumitzen dutenen artean sariak banatuko ditu Astikok Gabonetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 19a, 00:00

Establezimenduek bihartik aurrera banatuko dituzte zozketan parte hartzeko txarteltxoak. Txikientzat jolas-parkea jarriko da 28tik 30era.

Aurten ere astigartarren Gabonak alaitzeko aletxoa jarri nahi du Astiko Elkarteak. Ohi bezala, bi jarduera antolatu ditu, gaztetxoen zein helduen gozamenerako eta herrian kontsumitzen dutenak saritzeko: Gabonetako zozketa eta haur eta gaztetxoen jolas-parkea. Jarduera hauek egiteko, Astigarragako Udalaren zein Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza, Turismo eta Kontsumo sailaren dirulaguntza jaso du elkarteak.

Zozketa bana establezimendu bakoitzean

Bihartik aurrera jarriko da martxan Astiko Elkarteko Gabonetako zozketa. Oraingo honetan, parte hartzen ari den establezimendu bakoitzak hainbat sari zozketatuko ditu haien bezeroen artean: Gabonetako saskiak, establezimenduetako produktuak, erosketa-baleak... denetarik izango da!

Zozketan parte hartzeko, herriko dendek, tabernek eta zerbitzuek txarteltxoak banatuko dituzte kontsumizio baten truke, eta bezeroak momentuan bertan jakingo du sariduna den ala ez.

 

Jolas-parkea haur eta gaztetxoentzat

Horrekin batera, Astigarragako haur eta gaztetxoei zuzendutako jolas-parkea jarriko dute aurten ere; abenduaren 28, 29 eta 30ean jarriko dira 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. 

Aurrekoetan bezalaxe, hiru gunetan jarriko dira atrakzioak: Kontxa Etxeberria plazan, Norberto Almandoz plazan eta Joseba Barandiaran plazan. Sarrera doan izango da Astiko elkarteko establezimenduei esker. Astigartarrek badute non parte-hartu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!