Atzerapenekin, baina erabilgarri dago jada Arrobitxuloko igogailu berria

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 18a, 00:00

Egunero egongo da martxan igogailua, 07:00etatik 23:00etara.

Egunero egongo da martxan Arrobitxulo auzoa eta Santio Zeharra lotuko dituen igogailu publikoa.

Erabilgarri dago, azkenenan, Arrobitxulo auzoa eta Santio Zeharra lotuko dituen igogailua. Astigarragan dagoen lehen igogailu publikoa da, eta, hasiera batean, goizeko 07:00etatik gaueko 23:00etara funtzionatuko du. Astigarragako Udalak gerora egingo du ordutegiaren egokitasunaren balorazioa, egokitu ala ez jakiteko. 

Astigarragako Irisgarritasun eta Mugikortasun Planean aurreikusitako proiektua da, eta Udaletik diotenez, mugikortasun ohiturak asko aldatuko ditu. Esaterako, Urumea Berri, Ergobia eta Arrobitxulon bizi diren haur, nerabe eta guraso askoren eskolarako bidea aldatuko dela pentsatzen dute. 

Igogailua jartzea lehenengo pausua izan da; izan ere, orain ingurua urbanizatuko dute. Aurrealde osoa oinezkoentzako eremua izatea da asmoa, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Proiektua idazten ari dira dagoeneko, obrak lehenbailehen esleitu eta burutzeko. 

Lehenengo igogailu publikoa da, baina ez da azkena izango; Udala dagoeneko idazten ari da Apeztegi plaza eta udaletxeko plaza lotuko dituen exekuzio-proiektua.

Haserrea atzerapenengatik 

Udala haserre agertu da lanak luzatu izanagatik. Adierazi dute ez daudela betere konforme Construcciones Moyua, S.L. enpresak izandako jarrerarekin. Obrak 2022ko otsailean amaitzea aurreikusten zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!