Astigarragako Udalak herritarrek egindako 301 eskaeren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertu ondoren, 21 ekimen iritsi dira aurrekontu partehartzaileen azken fasera, bozketara. Baztertu egin dituzte udal eskumenekoak ez diren gaiak, jarritako aurrekontua gainditzen dutenak edota bideragarritasun teknikorik ez dutenak. Aurrekontu partehartzaileen galdetegian herritarrek botoa eman ahal izango dute, abenduaren 18ra arte.
21 aukera hauetatik, lau aukeratu behar ditu 16 urte baino gehiagoko astigartar bakoitzak. Aukera bozkatuenak gauzatuko dira, 120.000 euroak agortu arte.
Bozka emateko aukera 18an amaituko da eta bi bide daude. Alde batetik, boto telematikoa eman daiteke, astigarraga.eus/eu/parte-hartu webgunean sartuta; eta bestetik, boto presentziala egun eta leku hauetan egin daiteke: gaur Kontxa Etxeberria plazan, arratsaldeko 19:30etatik 21:00etara; eta bihar Joseba Barandiaran plazan, eguerdiko 12:30etatik 13:30etara.
21 proposamen
Herritar bakoitzak lau proposamen bozkatu ditzake, eta honakoak dira aurrekontu partehartzaileen 21 proposamenak: Skate Park bat Portutxon; Bidebitarteren asfaltatzearekin jarraitu; autokarabana gunea Portutxon; bizikleta aparkaleku estali eta itxiak; udal eraikinetan eguzki-plaka gehiago instalatu; herri baratza parke publiko berri bat; haur parkeen hobekuntza; ludoteka zerbitzua martxan jarri; hilerrian hildakoen errautsak gordetzeko kolunbarioa eraiki; eskolako jolastokia birmoldatu; LED argiteriaren eraldaketarekin jarraitu; Apeztegitik udaletxeko plazara igogailua eraiki; azoka-gune estali bat sortu; kiroldegia haunditzen hasteko proiektua martxan jarri; Santiomendiko aterpea eta inguruak berritu; mural parkea herrian zehar; bidegorria egokitu Kale Nagusian; Arrobitxulon gune estali bat egokitu; Murgia parkean hobekuntzak; Ubarburu poligonoaren hiritartzea hobetu; eta petanka gune bat egin.