Ongizate emozionalari eta autozainketari buruz, doako ikastaroa antolatu du Astigarragako Udalak, datozen hilabeteetarako. Urtarrilaren 10ean hasiko da, eta bi astetik behin egingo dituzte saioak, astearte arratsaldeetan. 20 saio izango dira guztira, Saioa Garmendia hezitzailearen eskutik. Kultur Etxe Zaharrean eskainiko du ikastaroa, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.
Doakoa izan arren, izena eman beharko da aldez aurretik, parte hartu ahal izateko. Plaza mugatuak izango ditu ikastaroak, gainera. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, eta abenduaren 16ra arte apuntatu daiteke: berdintasuna@astigarraga.eus helbide elektronikora idatzita, edo 638 206 586 telefonora deituta (goizez).
«Inoiz baino garrantzitsuagoa da nork bere burua zaintzea»
Herritarren artean «ongizate emozionala sustatzeko asmoz» antolatu du tailerra Udalak. Izan ere, nabarmendu du «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela nork bere burua zaintzea: «Egungo gizartea oso lehiakorra eta zorrotza da, eta eguneroko zurrunbiloak sarritan ito egiten gaitu. Hainbat ardura pilatzen zaizkigu, eta sentitzen dugu ezin garela iritsi. Estresa gero eta hedatuago dago».
Horri aurre egiteko, ikastaroak gune bat eskainiko du «nork bere kezkak partekatzeko eta nork bere burua behatzen eta hobeto ezagutzeko ikasteko». Udalak azpimarratu du, ongizate emozionala izatea dela «bizitza osasuntsu, zoriontsu eta betea lortzeko oinarria. Eta horretarako, funtsezkoa da gure burua ezagutzen ikastea, eta gure emozioak behar bezala hautematea eta adieraztea. Gutako bakoitza gure autozainketaren erantzule gara».
Hauek dira tailerretan landuko diren gaiak: Nork bere burua behatzen eta hobeto ezagutzen ikasteko gune bat. Nork bere barruko korapiloak askatzeko tresnak lortzea. Nork bere emozioak sentitzea eta lantzea. Nork bere autoestimua hobetzea. Estresa kontrolatzeko erlaxazio-teknikak. Eta nork bere ongizatea lortzeko autozaintza-estrategiak.