Azparren anaiak elkarrekin ariko dira datorren denboraldian

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 11a, 00:00

Enekoitz Azparren Laboral Kutxa taldean aritu da afizionatu mailan.

Enekoitzen fitxaketa ofizialki baieztatu da eta Xabier Mikelen kontratua luzatu du beste urte betez Euskadi Fundazioak.

Euskaltel-Euskadik baieztatu du Enekoitz Azparren astigartarra (2002) taldean arituko dela 2023 eta 2024 urteetan. Albistea urrian argitaratu zen, baina aste honetan egin da ofizial. Astigartarrak bigarren taldetik (Laboral Kutxa) egin du jauzia. Enekoitzek anaiarekin partekatuko du maillota, izan ere, Xabier Mikelek hurrengo urtean laranjaz jarraituko du, kontratua beste urte betez luzatu eta gero.

Enekoitz 23 urtez azpiko tropelaren erreferentzietako bat izan da aurten; halanola, Italiako Giroa, Mediterraneoko Jokoak, Etorkizuneko Tourra eta Munduko Txapelketa lasterketetan lehiatu zen. Bere garaipenak Ereñon eta Natxituako Euskadiko Txapelketan iritsi ziren; Bidasoa eta Nafarroako Itzulietako etapetan garaipena gertu izan zuen (hirugarren sailkapen nagusian Nafarroan); laugarren izan zen ordekako Espainiako Txapelketan eta seigarren erlojupekoan; 24. amaitu zuen Etorkizuneko Tourra eta lan bikaina egin zuen taldekideentzat Munduko Txapelketan.

«Ilusioa haundia egiten dit, bereziki anaiarekin taldea partekatzeak»

Enekoitz Azparren pozik agertu da albistea baieztatu eta gero: «Euskaltel-Euskadira jauzi egin ahal izateak ilusio haundia egiten dit. Txikitatik ari naiz pentsatzen horretan, bizikletan ibiltzen hasi nintzenetik. Maila profesionalera pasatzea oso gauza polita da, eta Xabier Mikel anaiarekin maillot laranja partekatzeak ilusio berezia egiten dit zalantzarik gabe».

Jorge Azanza, Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendaria ere gustora agertu da Enekoitzen igoerarekin: «Enekoitz euskal harrobiko txirrindulari erreferentea da, oso emaitza onak lortu ditu gaztetatik. Oso txirrindulari eskuzabala da, oso igotzaile ona eta ondo moldatzen da erlojupekoan, eta azkarra da; oso ezaugarri onak ditu txirrindulari izateko. Hain zuzen, domina lortu zuen Espainiako Txapelketetan iaz. Aurten, berriz, beste urrats bat eman duela baieztatu du, Nafarroako Itzulian podium garrantzitsua lortuta, eta bere dohainak erakutsiz. Hazteko tarte du, dena dauka txirrindulari ona izateko, eta gure eskutik egin dezala, egia esan, albiste atsegina da, eta anaiari eta beste gazte batzuei bezala, laguntzea espero dugu. Oso pozik nago harrobiko beste txirrindulari garrantzitsu bat dugulako taldean».

«Ilusio gehien egiten didana da anaiarekin taldean elkarrekin aritzea»

Xabier Mikel Azparrenek (1999), bestalde, hirugarren denboraldi beteko du Euskaltelen, 2021ean debuta egin eta iaz kontratua denboraldi baterako luzatu ondoren. «Oso pozik nago egitura honen parte izaten jarraitzeagatik. Pausoak ematen ari naizela pentsatzen dut urtez urte. Leku ona da hobetzen jarraitzeko eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko. Batez ere, zoriontsu eta ilusio gehien egiten didana nire anaiarekin taldea partekatzea da. Urte asko daramatzagu elkarrekin entrenatzen eta Enekoitzekin jarraitzeko aukera izateak ilusio haundia egiten dit».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!