«Helburua ez da musika ikastea, baizik eta musika baliatzea beraien garapen globalerako»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 10a, 00:00

Edurne Garcia Elizalde da hirugarren adinekoen musika ikastaroko irakaslea, eta baita 0-3 urtekoena ere.

Hirugarren adinekoentzat, musika ikastaroa
jarri du martxan Norberto Almandoz musika eskolak, aurten. Edurne Garcia Elizalde da irakaslea, eta berarekin hitz egin du Kronikak, ikastaroan lantzen dutena eta adinekoentzat izan ditzakeen onurak hobeto ezagutzeko.

Hirugarren adinekoentzako musika ikastaro bat ez da sortzen hutsetik eta egun batetik bestera. Nondik dator?

Musikoterapia masterra egin nu­en aspaldi, eta bertan, ikasi nuen musikoterapia oso jende desberdinari dagoela zuzenduta. Hirugarren adinekoena oso polita iruditu zitzaidan, eta uste dut pertsona horiei ez diegula kasu nahikorik egiten. Hortik abiatuta hasi naiz ikastaro hau ematen. Adin horretako pertsonentzat oso lagungarria da musika.

 

Noiz hasi zineten ikastaroa lantzen?

Pandemiaren aurretik, saio ireki bat eskaini nuen Galtzaur jubilatuen elkartean. Eta horretara, asko animatu ziren. Aurretik, musika eskolako beste lankide batek ere eskaini zuen. Pandemiarekin eten egin zen hori dena, eta orain berreskuratu egin nahi izan dugu jarduera, gogotsu hartuta.

 

Pandemiaren aurretik egindako saio horietan, ikusi zenuten musikarekiko interesa, adinekoen aldetik?

Saio horietan bai, gogotsu aritu ziren. Baina aurten motel hasi da ikastaroa, eta hiru bakarrik animatu dira oraingoz. Ea jende gehiago animatzen den. Beharbada beldurrez egongo dira oraindik, edo ez dute ikastaroa ezagutzen.

 

Ohikoak dira hirugarren adinekoentzako musika ikastaroak?

Beste musika eskola batzuetan ere eskaintzen dituzte, bai. Kontua da, Hezkuntza Sailak ez duela dirulaguntzarik ematen horrelako ikastaroetarako, eta udalek jarri behar izaten dute dirua horretarako.

 

Ez da erraza izango, prestatzea zer landu saio horietan...

Ez da erraza, helburua ez delako musika irakastea, baizik eta musika instrumentu gisa erabiltzea, lantzeko alderdi fisikoa, kognitiboa, emozionala eta espirituala. Hortaz, egiten ditugu ariketa batzuk motrizitatea lantzeko, mugimenduaren edota dantzen bidez. Artikulazioak mugitzeko ariketak ere egiten ditugu, oso garrantzitsua baita adin horretan. Arreta eta memoria lantzeko ariketak ere egiten ditugu. Eta instrumentuak jotzen ditugu, perkusio txikikoak; edota beste material batzuk erabili, zapiak, paratxuta...

 

Nolakoak izaten dira saioak?

Antzeko egitura izaten dute beti. Taldeko kide bakoitza agurtu, eta 'Kaixo kaixo' ongietorri abes­tiarekin hasten dugu saioa. Elkarrekin abesten dugu, eta laguntzen digu momentuan eta orainean zentratzen. Taldearen parte sentitzen dira horrela. Ondoren, egiten ditugu luzaketak, eta erritmikoak errezitatzen ditugu, lengoaia lantzeko. Psikomotrizitatea lantzeko ariketak ere egiten ditugu, koordinazioa eta lateralitatea jorratzeko. Eta instrumentuak jotzen ditugu batzuetan, eta abestu besteetan. Dantzan ere aritzen gara, eserita zein zutik. Eta saioa bukatzeko, askotan instrumentu goxo bat jotzen dut, beraiek begiak itxita erlaxatu daitezen. Batzuetan, espiritualitatea lantzeko, ipuin labur bat irakurtzen diet. Kantuan agurtzen dugu saioa, berriro guztiek elkarrekin abestuz.

 

Ez da oinarrizko musika ikastaro bat, beraz...

Ez, alderdi asko lantzen ditugu musikaren bitartez. Gainera, ez da musikaren inguruan inolako ezagutzarik izan behar, parte hartzeko.

 

Zein onura ekar diezazkieke ikastaroak, adinekoei?

Asko dira onurak. Fisikoki, egiten ditugun dantza eta mugimendu ariketen bitartez, oreka lantzen dugu, adin hauetan oso garrantzitsua dena, ez erortzeko. Motrizitatean ere egiten du mesede, gorputzaren gogortasuna gutxitzeko. Eta kognitiboki, arreta eta memoria lantzen ditugu bereziki. Ariketa asko egiten di­tugu horien inguruan. Beste ikastaro batzuetan lantzen diren gauza asko jorratzen ditugu, baina musikaren bitartez.

 

Galtzaurrek egindako partehartze prozesuan, askok esaten zuten zahartzaro aktiboagoa izan nahi dutela.

Horixe da ikastaro honekin lortzen duguna. Ez da terapeutikoa, prebentiboa baizik. Ikasleetako bat, musika hizkuntza eta gitarra ari da ikasten musika eskolan bertan, eta ondoren gure saioetara etortzen da. Perfil horretako jendearentzat da musika ikastaro hau, zahartzaro aktiboagoa izan nahi dutenentzat.

 

0-3 urte bitarteko haurrei ere ematen diezu musika ikastaroa. Kontraste haundia izango da zuretzat, ezta?

Kontrastea haundia da, bai. Baina, era berean, bi ikastaroen helburua berdina da. Haurrekin bezala, hirugarren adinekoekin ere, helburua ez da musika ikastea, baizik eta musika baliatzea beraien garapen globalerako.

 

Zein antzekotasun eta desberdintasun ikusten dituzu, bi ikastaroen artean?

Bietan, saioek egitura bera daukate beti: ongietorri kanta batekin hasten dira, eta agur esateko beste batekin amaitu. Beti egitura bera izateak segurtasuna ematen die. Bestalde, erabiltzen ditugun material asko ere berdinak dira. Jende askok uste du musika saioak direlako instrumentuak bakarrik jo behar ditugula, baina ez, erabiltzen ditugun material gehienak dira egitura gabekoak: zapiak, zintak, zakutxoak... Sozializazioa lantzeko, material kooperatiboak ere erabiltzen ditugu bietan: paratxuta, stretchy band... Perkusio txikiko instrumentuak bai, jotzen ditugu, horiek jotzea eta soinua ateratzea erraza delako. Eta antzekotasunik garrantzitsua da, musika erabiltzen dugula tresna gisa, beren garapen eta onurarako.

Desberdintasun haundiena, berriz, esango nuke dela haurren saioetan garrantzia ez daukala egiten dutenak, jasotzen duten horrek baizik: beraiekin doazen helduak dira ariketak egin behar dituztenak. Aldiz, hirugarren adinekoek partehartze aktiboa izan behar dute, lortu nahi ditugun helburuetara iristeko.

Zer ematen dizu zuri, haurren zein adinekoen musika irakasle izateak?

Antzeko gauzak ematen dizkidate biek. Musika hizkuntza ere ematen dut nik, baina haurren zein adinekoen ikastaroak bukatzean, bereziki asebeteta sentitzen naiz. Musika erabiltzen dugu pertsona horien onurarako, eta hori oso pozgarria da. Ikastaro hauetan, muga asko gainditzen ditugu musikaren bitartez; eta aldiz, musika hizkuntza bezalako ikastaroetan, murriztu egiten da hori dena, pentagraman, erritmoan eta horrelakoetan zentratuta.

 

Abenduan bukatuko duzue ikastaroa. Asmorik daukazue urtarriletik aurrera beste bat emateko?

Jendea animatzen bada, niri gustatuko litzaidake urtarriletik aurrera segida izatea...

 

Zergatik uste duzu Astigarragako adinekoek probatu beharko luketela?

Autozaintza garatzeko, eta zahar­­tzaro aktibo bat izateko. Musikak eskaintzen dituen baliabideez elikatuko dira, parte hartzera animatuz gero.

 

Ez da beranduegi musikaren munduan murgiltzeko, ezta?

Inoiz ez da beranduegi horretarako, ezta goizegi ere. Entzumena da garatzen dugun aurreneko zentzumena, eta galtzen dugun azkenekoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!