Astigarragako Udalak une honetan hainbat prozesu parte-hartzaile ditu martxan eta horietako biren, Kultur Etxe Zaharraren etorkizuna definitzekoa eta terrazen ordenantza berrikustekoa, azken saioak egingo dira datorren astean. Udalak, azken saio irekietan parte-hartzeko gonbidapena luzatu nahi die herritarrei.
Kultur Etxe Zaharrean egingo da abenduaren 13an, 18:30etan Kultur Etxe Zaharreko areto nagusian. Terrazen ordenantza berrikusteko azken bilera abenduaren 15ean izango da, 16:00etan, Kultur Etxe Zaharreko areto nagusian. Bilerek ordu t'erdiko iraupena izango dute.
Kultur Etxe Zaharraren etorkizuna definitzeko prozesua maiatzean jarri zuen martxan Udalak. Ordutik gaur arte eraikinaren erabileraren, funtzionamenduaren eta espazioen antolaketaren gaineko iritziak eta ekarpenak jaso dira. Helburu horrekin udan hainbat eragile eta pertsona elkarrizketatuak izan ziren eta irailean herritarrei zuzendutako galdetegia zabaldu zen. Iritzi-bilketa horren ondoren, urriaren 26an herritarrekin saio ireki bat egin zen. Saio horretan jasotako iritziak eta galdetegiko erantzunak konpartitzeaz gain, espazioaren antolaketari buruzko gogoeta egin zen.
Azken saio irekian funtzionamenduari buruzko gogoeta egingo da eta prozesuaren ondorio nagusiak helaraziko dira.
Terrazen ordenantza berrikusteko prozesua
Udalak terrazen ordenantza berrikusteko prozesua jarri zuen martxan uztailean. Prozesuaren helburua da terrazen erabilerari eta ezaugarriei dagokienez elkarbizitzarako gakoak identifikatzea eta herritarrekin eta ostalariekin batera gako horien inguruko adostasunak lantzea. Horretarako, egun indarrean dagoen Udalaren araudia aztertzen dihardute eta bizikidetza hobetzeko neurriei buruzko gogoeta egiten.
Uztailetik irailera bitartean, egungo egoeraren diagnosia landu zuten, hainbat lagunen testigantzak eta inguruko udalerrietan dauden araudien azterketa oinarri hartuta. Ondoren, herritarrekin eta ostalariekin gogoeta egiteko xedearekin herritar eta ostalari orori irekitako bi saio egin ziren (urriaren 19an eta azaroaren 9an). Saio horietan diagnosia konpartitu zen eta bertaratutako herritar eta ostalarien gogoeta egin ostean, hainbat eskaerak edo proposamen jaso ziren.
Eskaera eta proposamen horiek aztertu ditu Udalak eta azken saio irekian Udalak burututako lanketaren deboluzioa egingo da eta prozesuaren ondorioak aurkeztuko dira. Izena emateko berdintasuna@astigarraga.eus helbidera idatzi behar da edota deitu edo Whatsapp-a idatzi 638 206 586 telefono zenbakira.