Udal aurrekontuaren hasierako onarpena aurrera atera da Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 3a, 00:00

Plenoan aurrekontuen hasierako onarpena onartu zen.

Lehenengo aldiz 11 milioi euroko langa gainditu du; zehazki, 11.073.605 eurokoa izango da.

Asteartean izan zen Astigarragako azaroko Plenoa, eta 2023ko aurrekontuaren hasierako onarpena izan zen eguneko gai potoloena. Horixe bera ziurtatu zuen, hain justu, Gobernu taldeak aldeko bost botorekin eta aurkako hiru botorekin. EH Bilduko zinegotziek bozkatu zuten alde eta EAJkoak aurka. Azalpenak eta xehetasunak aurkeztu ostean, onarpena eman zioten 2023ko aurrekontuari: «Udalak lehendabiziko aldiz 11 milioi euroko langa gainditu du aurrekontuei dagokienez», zehaztu zuen Andoni Gartzia zinegotziak. Hain justu, kopurua 11.073.605 eurokoa izango da. «Aurreko urtean baino 634.000 euro gehiago», nabarmendu zuen Gartziak.

Aurrekontua %7a igoko da. Hori gertatu da Gipuzkoako Aldundiak herrien artean banatzen duten fondotik Astigarragara diru gehiago bideratuko dulako eta zerga bilketa haundiagoa ere aurreikusten delako. Energiaren igoera gastuak ere baldintzatuko du aurrekontua. Hirukoiztea espero da eta 150.000 eurotik 450.000 eurora pasatzea aurreikusten da. 

Aurrekontuan Donostia ibilbidea hiritartzera 530 mila euro bideratuko dira, 2022an 750.000 euro bideratu ondoren. Bi partidetan zatitu da hiribiderako inbertsioa. Gizarte zerbitzuetara bideratuko da hazkunde haundiena. Hemen %28ko igoera izango du. 

EAJko Urkiri Salaberria zinegotziaren hitzetan «guk ere hantzeko aurrekontuak egingo genituzke, baina talka zuzenketetan gertatu da. Ez dira onartu». Ezezkoaren arrazoia izan zen hori. Andoni Gartziak ez zuen botoaren zentzua ulertu, «kontuan izanik esandakoa eta aurrekontuaren %2,05 izanik aurkeztutako zuzenketek suposatzen dutena». 

 

Udal langileen soldatak %1,5 igoko dira

Plenoan ere onartu zen Udal langileen soldatak %1,5 igotzea. Aho batez onartu zen igoera. Aho batez onartutako beste puntuak izan ziren, 2023ko zerga fiskalen behin betiko onarpena; Beterri-buruntza mankomunitateko 2012-2021eko likidazioaren onarpena; Beterri-buruntza mankomunitateko programak gauzatzeko kudeaketa gomendioa; eta aholkularitza eta defentsa juridikoaren zerbitzuaren kontratazioa luzatzea. 2022ko udal-aurrekontuan kreditu aldaketa, kreditu gehigarria modalitatean alegazioak erantzutea, hasierako onarpena eta behin betiko onarpena aurrera atera ziren Gobernu taldearen aldeko bozkekin. 

 

Plenoko,mozioak eta adierazpenak

Amaitzeko, Euskararen Nazioarteko Egunaren gaineko adierazpena aho batez onartu zuen Plenoak. Horrez gain, Bizitza taldearen mozioa ez zen onartu Gobernu taldearen abstentzioarekin eta EAJ-PNVren aurkako botoekin. Azken hilabeteetan egon den hilkortasunaren gehikuntzari buruzkoa zen, «seguruenik Covid-19 botika geniko esperimentalaren  inokulazioarekin lotuta egon daitezkeena» zioen Bizitza taldearen mozioak. EAJren esanetan ez da Udalaren konpetentzia hori adieraztea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!