Asteazkenean aurkeztu zituen Astigarragako Udalak 2023ko Udal Aurrekontuak, auzotarren eskari eta proposamenak entzun eta jaso ostean; eta astearteko osoko bilkuran onartu zuten, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren aurkako botoekin.
2023ko Udal Aurrekontuak 11.073.605 euro izango ditu, iaz baino 634.428 euro gehiago, hau da, %6,96 gehiago: «iaz lehenengo aldiz gainditu zuen udal aurrekontuak 10 milioiko zenbatekoa eta 2023an 11 milioiko langa ere gaindituko du» argitu zuen Astigarragako Udalak. Eta horrez gain, uste du Astigarragako Udal Aurrekontu hauek hurrengo hilabeteei eta eskuartean dauden erronkei aurre egiteko aurrekontuak direla. «Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak udalerrien artean banatzen dituen zenbatekoa haunditu dutelako, Astigarragaren kasuan, 505.426 euro gehiago; eta bestetik, udalaren zerga-bilketa 140.000 eurotan areagotuko dela aurreikusi delako izango da aurten aurrekontua haundiagoa».
Hala ere, 2023ko aurrekontua bi faktorek baldintzatu dutela ziurtatu du Udalak: «batetik, elektrizitateren eta gasaren prezioaren igoerak, familiei eta enpresei eragin bezala, udalari ere zuzenean eragin dio». Izan ere, Udalak orain arte 160.914 euro gastatzen zituen elektrizitate eta gas fakturak ordaintzen, baina Udalak eskuartean dituen datuen arabera, hurrengo urtean zenbateko hori 475.457 eurotaraino iritsi daiteke, hau da, 314.000 euro gehiagoko gastua, ia hirukoitza.
Bestetik, berriz, Donostia Ibilbideko hiritartzearen lanen finantzazioa da: «obrak 2022ko eta 2023ko aurrekontuen kargura finantzatzea adostu baitzen». 2022an 735.000 euro bideratu dira eta 2023an beste 570.000 euro bideratuko dira eta 2023ko aurrekontuan inbertsiotarako aurreikusita dagoen zenbateko osoaren %65a jasoko ditu Donostiako Ibilbideko proiektuak.
Horregatik, Astigarragako Udalak etorkizuneko aurreikuspenak egin ditu eta dio ezin dutela oso baikorrak izan: «azken hilabeteetan egoera ekonomikoak okerrera egin duela». Hala ere, Udalak esfortzua egin du herritar eta familia zaurgarrienen babes soziala areagotzeko: «lehenengo aldiz, gizarte zerbitzuetako politikek 1.000.000 euroko muga gaindituko dute (1.051.661 euro). Iaz baino 229.254 euro gehiago (%27,9ko igoera)». 2023ko gastua, 11.073.605 eurokoa izango da, 2022arekin alderatuz 634.428 euro gehiago, honako sailetan: alkatetza; udaltzaingoa; administrazio orokorra; hirigintza, etxebizitza eta ingurugiroa; obrak eta zerbitzuak; hezkuntza eta euskera; kultura, jaiak, gazteak eta kirolak; gizarte zerbitzuak; kontuhartzailetza; eta azkenik, berdintasuna, parte hartzea enplegua.
Etxez-etxeko zerbitzuan dagoen eskariari erantzuna emateko beste 40.000 euro bideratuko dira (%29 gehiago): familia-interbentzioentzako zenbatekoa 35.000 eurotan areagotuko da, 161.000 eurotaraino; orain arteko gizarte txikikoen gizarte-egoera zaurgarriei hobeto aurre egiteko (58.312 euro); larrialdi laguntzak %11 areagotu dira eta Kontxa Etxeberria forotik proposatutako diru-laguntza deialdi berri bat aurreikusi da (40.000 euro). «Laguntza deialdi honen helburua adin txikikoen osasun, hezkuntza edo garapen prozesuetan familiak egiten duten esfortzu ekonomikoa laguntzea izango da» gehitu du Udalak.
Bigarren igoerari dagokionez, Hezkuntza eta Euskara sailak izango du (%17ko igoera). Kasu honetan, lehen aldiz lanaldi osoan egongo da udalean Hezkuntza eta Euskara Teknikaria. Gainera 30.000 euro aurreikusi ditu Udalak, euskeraren biziberritze-plana eta tokiko merkataritza euskeraz sustatzeko plana idazteko. Eta Udalak, honakoa gehitu du: «aipagarria da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen kide izateko asmoa dugu; horregatik bertan parte hartzeko kuota aurreikusi da eta 13.500 eurokoa da». Bestetik, 25.000 euro jaso dira, hezkuntza arloko ekimen eta jardunaldiak antolatzeko.
Aipatutako bi sail hauen bilakaeraz gain, aurrekontuaren aipamen esanguratsuenak zerrendatu zituen Astigarragako Udalak, eta honakoak ziren, besteak beste: gastu arruntei dagokionez; herriko bideak konpontzeko 150.000 euro, jarduera kulturalak antolatzeko 130.000 euro, udal inguruan ibai-parkean ekimen kulturalak antolatzeko 15.000 euro, kirol ekintzetarako 20.000 euro; inbertsioei dagokienez, udaletxeko ekipo informatikoak berritzeko 15.000 euro, Plan Orokorraren berrikuspena gauzatzeko 90.000 euro, Zure Esku ekimenerako 120.000 euro, ur kontadorea berritzeko 35.000 euro. Diru laguntza eta transferentzia arruntak, herriko elkarte eta eragileei laguntza izendunei dagokienez; Norberto Almandoz musika eskolari 180.000 euro, XaguXar aisialdi taldeari 40.000 euro, Kronikari 35.000 euro, Aiztondori, 14.816 euro, Astigar taldeari 21.800 euro, Gure Izarrari 5.200 euro, Eragiyoki 5.000 euro, Gazte Asanbladari 8.500 euro, Guraso Elkarteari 10.747 euro, Astikori 25.000 euro, Emakumeen etxeari 40.500 euro eta Sagarduni 77.000 euro.