Pauso garrantzitsua eman du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Astigarragako DBHko ikastetxea eraikitzeko bidean. Izan ere, lehiaketa jarri du martxan, exekuzio proiektua idazteko eta zuzendaritza fakultatiboa burutzeko kontratua esleitzeko. Abenduaren 22an bukatuko da eskaintzak aurkezteko epea, eta 750.000 eurokoa (gehi BEZ) izango da gehienezko prezioa. Behin esleituta, lehiaketa irabazten duenak sei hilabeteko epea (192 egun) izango du proiektua idazteko.
Hezkuntza Sailak emandako pausoa «oso garrantzitsua» dela nabarmendu du Astigarragako Udalak. «Batetik, horrek esan nahi du 2023ko bukaerarako idatzita egongo dela proiektua. Eta bestetik, bi gauza geratu dira erabakita: DBHko ikastetxea Mendiaundiko partzelan egingo dela ziur; eta ikastetxe horrek zein ezaugarri izango dituen», nabarmendu dute Xabier Urdangarin alkateak eta Roxali Fernandez Hezkuntza zinegotziak. Izan ere, finkatutako ezaugarrien arabera idatziko da proiektua. Hori horrela, 16 ikasgela izango ditu eraikinak, DBHko maila bakoitzeko lau. Era berean, izango ditu gela eta eremu bereziak (informatika, teknologia, liburutegia, gimnasioa...), eremu osagarriak (jangela, sukaldea...), eta administrazio eta zuzendaritzarako eremuak (bulegoak, bilera gelak...). Guztira, 5.302 metro karratuko azalera eraikiko dute, eta 1.450 metro karratu izango dituzte patioak eta aterpeek; horietatik 900 metro karratu, estalita. 10 milioi euroko inbertsioa izango dela aurreikusi du Jaurlaritzak.
Gainera, proiektuak aurreikusi beharko du Batxilergoa jartzeko eraikina haunditzeko aukera, bigarren fase batean: Batxilergoko sei ikasgela, eta horien eremu osagarriak.
«Pozik» azaldu da Udala, lehiaketa martxan jarri izanarekin: «Kosta egin da, Udalak partzelaren lagapena egin zuenetik urtebete baino gehiago behar izan baitu Hezkuntza Sailak, lehiaketa abiatzeko. Baina jarri da martxan DBH eraikitzeko gurpila, eta espero dugu atzerapenik eta etenik gabe jarraitzea orain. Aurreko hilabeteotan bezala, gainean egongo gara, aurrerantzean ere». DBH Astigarraga plataformako Ainara Vazquezek ere, adierazi du epeak luzatzea dela haien «kezka haundiena». Horregatik, Hezkuntza Sailari eskatu diote «epeak bete eta prozesua azkartu dezala».