Kontzertu berezia bihar Txirrisklak, lagun artean, 50 urtean txistuz alaitutako egun guztien omenez

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 26a, 00:00
Ez dira bakarrik egongo Txirrisklako txistulariak, bihar, 50garren urteurreneko ospakizunean.

50garren urteurrena du Txirriskla txistulari taldeak, eta bihar ospatuko du 12:45etan Erriberako atarian. Bertan izango dira herri askotako txistulariak, Astigar dantza taldea, Aiztondo eta Eragiyok abesbatzak, erraldoiak...

Urtero bezala, Santa Zezilia eguna ospatzeko kontzertua eskainiko du Txirriskla txistulari taldeak, bihar eguerdian, 12:45etan Erriberako atarian. Baina oso berezia izango da aurtengoa: 50garren urteurrena du Txirrisklak, eta biharko emanaldian ospatuko du, lagun artean.

Izan ere, ez dira bakarrik egongo ospakizunean. Makina bat herritatik etorriko dira txistulariak, astigartarrekin batera jotzeko: Pasaiatik, Beratik, Hernanitik, Donostiatik...

Baina herriko beste talde askok ere hartuko dute parte, emanaldi berezian. Ez du hutsik egingo Astigar dantza taldeak, eta ezta Aiztondo eta Eragiyok abesbatzek ere. Bertan izango dira, era berean, herriko erraldoiak, metal boskotea, eta beste hainbat musikari.

Hori horrela, denetik entzun eta ikusteko aukera izango dute bertaratuek, Mari Jose Gaztelumendiren zuzendaritzapean: kantu ezagunak, talde osoak eskainitakoak, bakarkako lanak, Astigarragarekin harreman berezia duten abestiak... Horregatik, herritar guztiak gonbidatu dituzte, haiekin batera urteurren borobila ospatzera.

 

Juanito Abarrategiren omenaldian, estreinako aldiz

1973ko uztailean hasi, eta etenik gabe aritu dira txistulariak, kaleak musikaz alaitzen. Juanito Abarrategi erremontista profesionalari egindako omenaldian jo zuten estreinakoz herrian, eta Pelotari kalearen inaugurazioa izan zen, egun horretan bertan. Txistularien artean zen, egun hartan, Miel Joxe Astarbe Huarte, oraindik taldean jarraitzen duena: «Miel Joxeren egitekoak eragin haundia izan du, herrian txistulari taldea izateko eta mantentzeko», nabarmendu dute.

Bere 50garren urtean sartuta dago Txirriskla uztailetik, eta ospakizun urtea da. Horietan, biharkoa izango da egun seinalatuetako bat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!