2023ko martxoaren 5ean izango da Lilatoia, Donostian. Hori horrela, Astigarragako Emakumeon Etxeak, Mundarro Kirol Elkarteak eta Udalak, elkarrekin entrenatzeko deia egin diete parte hartu nahi duten herriko emakumeei: «Kalean eta batez ere gauez kirola egitea ez da erraza emakume askorentzat, eta kirola taldean egiteak zailtasun horri aurre egiten laguntzen du». Entrenamenduen maiztasuna, asteko egunak eta orduak adosteko, bilera bat antolatu dute astigartarrek, biharko, arratsaldeko 18:00etan, Emakumeon Etxean.
Era berean, bilerarako haur zaintza zerbitzua eskainiko da, baina aldez aurretik abisatu behar da emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbidera idatzita, edota 648 417 157 telefonora deituta.
Entrenamenduei dagokienez, kiroldegiko arduradun batek gidatuko du taldea lehenengo saioetan: «baina asmoa da aurrera begira talde iraunkorra bihurtzea, eta korrikalariek euren artean antolatzea entrenamenduak». Antolatzaileek gogorarazi dute eskainiko den zerbitzu hau doakoa dela.
Dena den, taldean parte hartzeko ez da ezinbestekoa Lilatoian parte hartu nahi izatea, beste edozein emakume korrikalarik ere aukera baitauka entrenamenduez gozatzeko.