'Zer egin dezakegu gure haur eta nerabeek sexualitate aske eta osasuntsu bat izan dezaten' hitzaldia etzi, Erriberan

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 22a, 00:00
Eider Goiburuk eskainiko du etziko hitzaldia. Argazkia: Gazteberri.eus

Hitzaldian parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea 943 33 50 64 telefonora deituta, edota euskaraetahezkuntza@astigarraga.eus helbidera idatzita. Bihar arte dago izena emateko aukera. 

Udaleko Euskera eta Hezkuntza sailak haurren eta nerabeen gurasoei zuzendutako hitzaldi zikloa antolatu du. Duela zenbait ikasturtetik hona, elkarlanean, Udalak eta Astigarragako Herri Eskolako Gurasoen Elkarteak familiei zuzendutako hitzaldiak antolatu dituzte. Askotariko gaiak jorratuko dira, betiere familien kezka eta interesetan oinarritzen saiatuz. 

Azarotik maiatzera, hilero saio bana eskainiko da, eta guztira 7 hitzaldi izango dira, punta-puntako trebatzaileekin. Astigarragako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkartearekin lankidetzan ondu du 2022-2023 ikasturteari begirako programa. Gainera, programa diseinatzerakoan, arreta berezia jarri nahi izan da haurren eta nerabeen bueltan sortzen ari diren problematikei. Hala, gazteenen garapen integralean mugarri diren 3 esparru jorratuko dira, hala nola, sexu-heziketa, ingurune digitala eta haurraren garapena eta adimen-emozionala.

 

Etzi hitzaldia, Erriberan

Etzi ekingo zaio programari, arratsaldeko 17:00etatik 18:30etara bitartean, Erriberan, sexu-heziketari buruzko trebatzeko-saio batekin. Eider Goiburu gizarte-psikologo eta sexu-hezitzaileak eskainiko du 'Zer egin dezakegu gure haur eta nerabeek sexualitate aske eta osasuntsu bat izan dezaten?' izeneko hitzaldia. Modu honetara plazerean, zaintzan eta ongizatean oinarritutako sexualitatea garatzen laguntzeko gakoak eskainiko ditu Goiburuk.

Hitzaldian parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea, eta bihar da horretarako azken eguna. 943 33 50 64 telefonora deituta apuntatu daiteke, edota euskaraetahezkuntza@astigarraga.eus helbidera idatzita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!