Deskontu-bonoen bosgarren kanpaina jarriko dute martxan Astigarragan, etzi. Astearteko goizeko 08:00etatik erosi ahal izango dira bonoak, astiko.eus webgunean, abenduaren 31ra arte. Horiekin, %20ko deskontua izango dute herritarrek, Astigarragako 32 establezimendutan. 2023ko otsailaren 28ra arte erabili ahal izango dira deskontu-bonoak.
Aurreko edizioetan bezala, lau bono ezberdin izango dira eskuragarri: 10, 20, 50 eta 100 eurokoak. Establezimendu bakoitzak aukeratu du zein kopurutako bonoak eskaini, eta 32 dira parte hartu duten establezimenduak: ostalaritzakoak 11, merkataritzakoak zortzi, eta zerbitzuetakoak 13.
Elkarlanean antolatu dute kanpaina Astikok eta Astigarragako Udalak, eta horri esker, bonuaren balioaren %80a ordainduko du herritarrak. Gainerako %20a, berriz, bere gain hartuko dute antolatzaileek, Udalak Astikori emandako dirulaguntzaren zati bat horretara bideratuta. «Helburua da, dirulaguntza hori bere osotasunean bideratzea herritarrei zuzendutako deskontuetara», azaldu dute. Horregatik, kanpainaren bigarren astean saldu gabeko bonoen berbanaketa egingo dute: ordurako bono guztiak agortuta dauzkaten establezimenduetarako, bono gehiago jarriko dituzte salgai. Abenduaren 5ean egingo dute berbanaketa hori, eguerdiko 12:00etan.