Euskaraldiaren jaialdia egingo dute gaur Astigarragan, mural, bertso eta mokadu artean

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 20a, 00:00

Alaia Martin ariko da bertsotan, Aitor Etxebarriazarragarekin batera.

Goizeko 10:30etan hasiko da, 'Astigarragan euskaraz' mural erraldoia margotuta; eta puntako bertso saioa izango da ondoren.

Ostiralean hasi zen Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala. Ahobizi edo belarripresten rola hartuta eta txapa jantzita, nork bere erronkari egingo dio aurre 15 egunez, abenduaren 2ra arte, euskerari eutsiz.

Eta Euskaraldiari behar bezalako hasiera emateko, jaialdia antolatu dute gaurko, Astigarragan. Goizeko 10:30etan hasiko da festa, ekintza berezi batekin: Astigarragan euskaraz mural erraldoia margotzen hasiko dira Joseba Barandiaran plazaren parean dagoen paretan; eta egun osoan zehar izango dute herritarrek, murala margotzeko aukera. «Ahalik eta muralik partehartzaileena» osatu nahi du Udalak, eta horretarako, herriko eragile eta herritar guztiei luzatu die bertaratzeko deia, «Astigarragan euskeraz bizitzeko hautua denon artean eraikiko dugula irudikatzeko». Pau Figueres artistak gidatuko du margolana, eta AEKko ikasleek emango dituzte lehenengo brotxakadak: «Euskera ikasteko herritarren ahalegina balioan jarri eta errekonozitzeko modu bat izango da». 

Ondoren, 12:00etan hasita, puntako bertso saioa izango da Emakumeon plazan: Alaia Martin eta Aitor Etxebarriazarraga ariko dira bertsotan, bertso eskolako ikasleekin batera, Agin Laburuk jarritako gaiei tiraka. Eta bertso saioa bukatuta, mokadutxoa izango da bertan, 13:00ak aldera, gerturatzen diren herritar guztientzat.

Txapak jasotzeko aukera, Joseba Barandiaran plazan

Jaialdian bertan, gainera, ahobizi edo belarriprest txapak eskuratzeko aukera ere izango da oraindik. Horretarako, eguerdiko 12:00etan jarriko dute postua, Joseba Barandiaran plazan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!