Lan anitzetarako bi langile eta igeltsero bat kontratatuko ditu Udalak

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 12a, 00:00

Interesdunek Lanbiden eman behar dute izena, eta azaroaren 21 da horretarako azken eguna.

Udalak jakitera eman duenez, lan anitzetarako bi langile eta igeltsero ofizial bat kontratatuko ditu brigadarako 5 hilabetez. Kontratazio horiek Beterri-Buruntzako 2022ko enplegu planaren baitan dagoen Astigarragako enplegu proiektu baten barruan egingo dira. Helburua da, azaldu dutenez, «herriko langabetuak lan merkatuan txertatzea». 

Ekimena diruz laguntzen du Lanbideren Tokiko Enplegu Ekintza programak. Horrela, Udalak hiru pertsona kontratatuko ditu brigadan lan egiteko: bi peoi gisa lan egiteko, eta beste pertsona bat igeltsero lanetarako. Lanpostu horiek guztiak lanaldi osokoak izango dira eta bost hilabeteko iraupena izango dute (2022ko abendua- 2023ko maiatza). Lan-eskaintzak Lanbidek kudeatuko ditu, eta interesdunek azaroaren 11tik 21era Lanbideren bidez eman behar dute izena.

Zehaztutako baldintzei dagokienez, honako hauexek dira bete beharrekoak: bi kasuetan, beharrezkoa izango da 2021ean programa honen edo gazteen enpleguko programaren onuradun ez izatea, Astigarragan erroldatuta egotea eta Lanbiden enplegu eskatzaile gisa alta emanda egotea; horrez gain, peoi lanpostuetarako, baldintza da emakumezkoa izatea; eta, igeltsero lanposturako, berriz, 5 urteko esperientzia egiaztatu beharko da igeltsero ofizial gisa, eta interesdunek eskola graduatua izan beharko dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!