Gaur, azaroaren 10ean, Memoria Historikoaren Nazioarteko Egunean, ekitaldia egin dute estatu indarkeriaren biktima izan ziren lau astigartar omentzeko. Astigarragako Udalak omendu ditu Agustin Irazustabarrena Urruzola, Bixente Perurena Telletxea, Tomas Alba Irazusta eta Joseba Barandiaran Urkola. Bertan izan dira udal ordezkariak, alkate lanetan ari den Aintzane Barandiaran tarteko, eta gogora ekarri dute astigartar horiek bizitakoa. Biktimen senideak igo dira oholtza gainera, eta lore-sorta bana eman die Xabier Urdangarinek. Ekitaldian, gainera, izan dira bertso eskolako bertsolariak, dantzariak eta txistulariak, eta, guztien artean, hitzordu ederra zein hunkigarria osatu dute.
Emakumeon Plazako ekitaldia amaitzean, lore-sortak eta kriseiluak utzi dizkiete biktimei, bakoitzaren monolitoan. Eta, amaitzeko, merienda egin dute Perurena auzoko biltokian, guztiek elkarrekin.