'Munduari bira 80 egunetan' ikuskizunaz gozatzeko aukera, igandean, astigartar txikiek

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 9a, 00:00

Julio Verneren eleberrian oinarritutako bertsio librea da 'Munduari bira 80 egunetan' ikuskizuna. Argazkia: Glu Glu.

Arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera haur antzerkiari, Erriberan. Sarrerak, 3 euro balio du haurrentzat, eta 6 euro, helduentzat.

Igandean, Glu Glu konpainiaren eskutik, 'Munduari bira 80 egunetan' haur ikuskizuna oholtzaratuko da, Erriberan. Arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera emanaldiari, eta euskeraz izango da. Sarrerak 3 euro balio du txikientzat, eta 18 urtetik gorakoentzat, berriz, 6 euro. 

Glu Glu konpainiak familia osoarentzako antzezlan berri bat aurkeztuko du, elkarbizitzaren alde egiten duen abenturazko istorio bat kontatuz. 'Munduari itzulia 80 egunetan' liburu ospetsua izango da abiapuntua, Julio Verneren eleberrian oinarritutako bertsio librea, hain zuzen ere. Glu Gluren lanetan ohikoa den bezala, antzezlanaren tonu nagusia komikoa eta musikala izango da.

 

Hainbat pasarte, antzerkian

Liburu ospetsuak Phileas Fogg eta Passepartouten gorabeherak kontatzen ditu, eta munduari bira laurogei egunetan ematea lortzea dute helburu. «Proposatutako egokitzapen honetan, gure herritik irten gabe mundu osoko pertsonekin bizi garela erakutsi nahi dugu, bai eskolan, bai gure kale, auzo eta parkeetan ere».

Ohiko elementu eszenikoez gain, pantaila bat izango dugu gure herrian bizi diren haur errealak eta jatorrizko tokietako paisaiak erakusteko. Abesti eta dantzak antzerki-ibilaldi honetarako hariak izango dira, eta Passepartout-en zirku-elementuek leku exotikoak eta garraiobideak irudikatuko dituzte, hala nola, itsasontziak, trenak edota globoa, hori guztia etxeko ganbaratik mugitu gabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!