Donostia ibilbideko lanak hasi zirenean, Udalak Aldundiari eskatu zion Hernaniranzko autobus lineek herritik barrena egin zezatela ibilbidea. Nolanahi ere, Aldundiaren erantzuna ezezkoa izan zen, Udalak jakitera eman duenez, «denbora falta eta herri barruko trafiko oztopo ugari posibleak kontuan hartuz».
Hori ikusita, Udalak beste planteamendu bat egin zuen, autobusak Pelotari biribilgunean (Kutxako biribilgunean) duen geltokira sartu eta berriz irtetea ibilbidearekin jarraitzeko, poligonoan barrena hurbilduz. «Baina Aldundiaren erantzuna berriz ere ezezkoa izan da, batik bat denbora falta argudiatuta eta honek autobusen ordutegia hankaz gora jarriko duela argudiatuz».
Ordutik, Udala Aldundia konbentzitzen saiatu da, eta helburua beti izan da «ibilbide seguruagoa eta irisgarriagoa lortzea». Horren haritik, honako hauxe nabarmendu dute Udal ordezkariek: «Kontuan izan behar da, obrek denbora luzez iraungo dutela (5-7 hilabete), neguko hilabeteetan izango direla eta tartean, gainera, sagardo denboraldia izango dugula».
Udalaren eskaeraren aurrean, Aldundiak ibilbide «berriaren» denbora birkalkulatzea onartu zuen, eta, kalkulu horien arabera, Udalak proposatutako alternatibak, BU12 zein BU13 linean, 2-3 minutuko atzerapena eragingo lukeela ondorioztatu ondoren, Aldundiak bideraezintzat jo du proposamena eta soilik BUG40 linean onartu du autobusa Pelotari kaleko biribilguneko (Kutxako biribilgunean) geltokian gelditzea.
Udalak egingo dituen egokitzapenak
Orain arte Udalak ez ditu markesinak jarri, ibilbide definitiborik ez zuelako, baina, orain, «beharrezkoak diren geralekuetan» jarriko ditu. Bestalde, Udalak beharrezkoak diren beste egokitzapen batzuk egitea ere aurreikusten du; hala nola, esan dutenez, argiztapena indartuko dute ibilbideko puntu ilunenetan.