Astelehenean amaitu zen aurrekontu parte-hartzaileetan proposamenak aurkezteko fasea. Astigartarrek 120.000 euro zertarako erabiltzea nahi duten erantzun dute. Udalak 500 proposamen baino gehiago jaso ditu, 261 pertsonak egindakoak; horietatik, 168k webgunearen bidea erabili dute eta beste 93k, berriz, eskuorriak utzi dituzte herrian jarritako postontzietan.
Orain, bigarren faseari ekingo diote. Horretan, gaika sailkatuko dituzte eta, horrekin batera, proposamen guztiak aztertuko dituzte. Bideragarritasuna aztertzerakoan, kontuan hartuko dituzten irizpideak dira, besteak beste, ea aurrekontuaren barruan dauden, teknikoki egingarriak diren eta udalaren eskumenekoak diren.
Bigarren fasea amaituta, Udalak finalisten zerrenda argitaratuko du aukeratutako proposamenekin. Azkenik, herritarrek beren botoekin aukeratuko dute proposamen gogokoena.
Amaitzeko, hirugarren faseari begira, botoa emateko epea azaroaren 21ean irekiko da eta hilaren 28ra egongo da zabalik. Kontsulta telematikoki egin ahal izango da, eta 16 urtetik gorako herritarrek bozkatu ahal izango dute. Hala ere, telematikoki bozkatzeko zailtasunak dituztenei laguntza eskainiko zaiela aurreratu dute antolatzaileek.