Bi adierazpen instituzional onartu ziren aho batez, Osoko Bilkuran

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 29a, 00:00

Aho batez onartutzat eman ziren, landutako gai guztiak.

Bi adierazpen instituzional onartu ziren aho batez, Osoko Bilkuran 

Asteartean, Osoko Bilkura egin zen Astigarragako udaletxeko pleno aretoan eta bi adierazpen instituzional aho batez onartu ziren. Tokiko Gobernu Batzarrak, bere aldetik, zenbait obra kontratuen esleipena onartu zuen eta brigadako bi peoien bitarteko funtzionarioak izendatzeko eta bi lan poltsa eratzeko lehiaketaren oinarriak onartu zituen, beste gaien artean. 

Udal zerbitzuek dituzten premiei eta obligazioei aurre egiteko aurrekontuan ez dagoenez nahiko krediturik, zenbait doikuntza egitea onartu zen Osoko Bilkuran.Eta bakoitzaren berri eman zuen Andoni Mujika EH Bilduko zinegotziak: «Besteak beste, energia horniduraren fakturazioari aurre egiteko 57.780 euro, Pagoagako behe solairuko lokala Udalaren izenean jartzeko 100.000 euro, Bidebitarten egin beharreko ez-ohiko lanak ordaintzeko 40.000 euro eta ur-hornidurari eta estolderiaren mantenuari aurre egiteko beste 95.000 euro». 

Jarraian, taxi ibilgailuetan eskaintzen diren bidaiarien hiri garraio zerbitzuak arautzeko ordenantzari (taxi ordenantza) hasierako onarpena eman zion Osoko Bilkurak. 2023garren urterako zerbitzuaren tarifei ere onarpena eman zitzaion, %10,5eko igoerarekin, «Gipuzkoako beste eskualdeetan onartzen ari diren kopuru bera, eta KPIaren oso azpitik dagoena» azpimarratu zuten. Bestalde, lizentzia bakar bat oso gutxi dela udalerriko biztanle-kopuruarentzat, eta taxiaren erabiltzaileengandik jasotako kexak direla eta, Udalaren asmoa epe laburrean herrian bigarren taxi lizentzia bat atera ahal izatea dela nabarmendu zuten. 

Segidan, bi adierazpen instituzional onartu zituen aho batez Osoko Bilkurak. Alde batetik, azaroaren 25ean ospatzen den indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunari buruzkoa zen, eta honako konpromezuak hartu zituen Astigarragako Udalak, besteak beste: «kontzientziazio, sentsibilizazio eta erreparazio lana sustatzen jarraituko dugu; erasoei erantzuteko protokoloa berrikusiko dugu, herriko eragile ezberdinekin; eta Emakumeon Etxearekin dugun lankidetzan pausoak ematen jarraituko dugu». Horrez gain, azaroaren 25aren bueltan Astigarragako Udalak, Emakumeon Etxeak eta gainerako eragileek antolatutako jardueratan eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zieten astigartar guztiei. 

Bestalde, azaroaren 20a ekarri zuten gogora, haur eta nerabeen eskubideen nazioarteko eguna, hain justu. «Egun honekin lortu nahi dena da haurraren eskubideei buruzko kontzientziazio haundiagoa bideratzea eta munduko haur guztien artean anaitasuna sustatzea. Horregatik, egingo diren jardueretara bertaratzeko deia egiten diegu herritarrei» eman zuen aditzera Aintzane Barandiaranek. 

Udal brigada eta lan poltsa 

Horrez gain, Udal brigadako bi peoik erretiroa hartuko dute 2020an, eta hauen hutsunea betetzeko bitarteko 2 funtzionario izendatzeko lehiaketa irekia martxan jartzen oinarriak onartu zituen Tokiko Gobernu Batzarrak. Halaber, bi lan poltsa ere eratuko dira izendatuak ez diren izengaiekin osatuko dena, eta Udalak bandoa jarriko du etxeetako atarietan prozesuaren berri emateko. 

Aguiko etxebizitzak eta urbanizazioa egin zirenean Izaskun kaleko saneamendu-sareko lanak ez ziren udalaren irizpide teknikoak jarraituz egin, eta ondorioz, obraren promotorean lanak zuzendu nahi ez zituenez, Udalak berak egingo ditu konponketak, eta promotoreak udalean zuen abala exekutatu du. Lan hauek egiteko kontratua Lan e Ima enpresari esleitu zaio, 91.161,39 eurotan. 

2021ean, Udalak Kiroldegia haunditzeko aurretiazko azterlan bat egin zuen, eta herritarren balorazioak ere jaso zituen. Hori guztia kontutan hartu du Udalak, kiroldegia berritzeko eta haunditzeko lehiaketan puntuaziorik haundiena lortu duen enpresa XLark SLP izan denez, Tokiko Gobernu Batzarrak kontratua berari esleitzea onartu du, 210.000 eurotan.

Azkenik, Tokiko Gobernu Batzarrak diru-laguntza eskaera berri bat onartu zuen Guztion, merkataritza eta ekintzailetza sustatzeko programarako (4.000).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!