Maiatzean hasi zuen Astigarragako Udalak, kultur etxe zaharraren etorkizuna definitzeko prozesu partehartzailea. Hainbat eragile eta herritar elkarrizketatu zituzten aurrena, eraikinaren erabilerari, funtzionamenduari eta espazioen antolaketari buruzko aurreneko hausnarketa eta ekarpenak jasotzeko. Eta ondoren, herritar guztiei irekitako galdetegia zabaldu zuten irailean, herritarren nahiak eta beharrak identifikatzeko.
Baina galdetegiaz gain, bi bilera ireki ere antolatu zituen Udalak, kultur etxe zaharraren etorkizunari buruzko gai estrategikoak lantzeko. Irailean egin zuten aurrenekoa, eta datorren asteazkenean izango da bigarrena: arratsaldeko 18:30etan, kultur etxe zaharreko aretoan.
Aurreratu dutenez, bilera horretan emango dituzte aditzera galdetegian jasotako emaitzak, eta herritarren iritzia eta proposamenak ere bilduko dituzte saioan bertan.
Adingabeen zaintza zerbitzua ere eskainiko dute saioan. Zerbitzua erabiltzeko, hori bai, Udaleko Berdintasun Sailarekin jarri behar da harremanetan (berdintasuna@astigarraga.eus, 943 50 57 01 edo 638 206 586), eta gaurkoa da horretarako azkeneko eguna.