Ingurumenaren Agrobiologiako ikasle baten eskutik, Astigarragako auzo konpostaren egoera jarriko dute mahai gainean gaur, Erribera kulturgunean. Arratsaldeko 18:00etan izango da horri buruzko hitzaldia, euskeraz zein gaztelaniaz.
Elkarlanean eskaintzen dute Ingurumenaren Agrobiologia graduondokoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak; eta graduondoko horretako ikasle batek, interesa azaldu zuen joan den ikasturtean, Astigarragako auzo konposta aztertzeko, master amaierako proiektua egiteko. Hori horrela, 2021eko abenduan, Astigarragako Udalarekin harremanetan jarri zen Nafarrako Unibertsitate Publikoko irakasle bat, eta aurtengo otsailetik maiatzera egin du azterketa ikasleak, herrian: batetik, auzokonpostagailuetako prozesuaren jarraipena egin du; eta bestetik, konpostaren kalitatea neurtu du laborategian.
Azterlana osatuta, emaitzak herritarren aurrean aurkeztuko dituzte gaur, Udalak zeuzkan beste datu batzuekin batera.
'Mundua arnastu nahian' ikusentzunezkoa, etzi
Ingurumenarekin lotuta, bigarren hitzordu bat ere jarri dute Erriberan bertan, asteazken honetarako: Aitor Igiñitzen Mundua arnastu nahian ikusentzunezkoa eskainiko dute, iluntzeko 19:00etan hasita.
Andoaindarrak 16 urte eman ditu mundu osoan zehar bizikletarekin bidaiatzen, eta 120.000 kilometro baino gehiago egin ditu. Bidaia luze horretan bizitakoak bildu ditu ikusentzunezkoan.