Hamar egun besterik ez dira geratzen Gau Beltza ospatzeko eta bizitzeko. Herri askotan prestakuntzekin dabiltza eta Astigarragan ere bai. Bihar, 17:00etan, Erribera Kulturgunean urriaren 31rako antolatu den kalejiran parte-hartzeko jantziak egingo dituzte tailerrean. Bakoitzak etxetik hartutako zapi zaharrak, maindire eta oihalak eraman behar ditu eta horrekin prestatuko dituzte jantziak. Baserritar jantzien osagaiekin ere erraz osatu daitekeen jantzia erabili daiteke Gau Beltzan.
Urriaren 31n, 16:30etan, kalabazak hustu eta makilatzeko tailerra egingo da Foru Plazan. Sarrera doan da eta izena ematea gomendatzen da astiarrakogaubeltza@gmail.com helbidean. Bakoitzak bere kalabaza eta hustutzeko tresnak eraman beharko ditu.
Arratsaldeko 19:30etan hasiko da Gau Beltza kalejira. Hilerritik Foru plazaraino abiatuko da eta bidean hainbat ezusteko izango dira. Ondoren Zipotzan afaria izango da eta 23:30etan hasiko den Pottotte elektrotxarangak, Emakumeon plazan, luzatuko du festa.