Astigarraga aldizkariak www.astigar.eus webgunea jarri zuen martxan 2020ko urrian. Horren guztiaren helburua da edukiak teknologia berrietara egokitzea eta herritarrei haien aleak formatu desberdinetan hurbiltzea.
Arduradunek uste dute egindako ibilbidea «nabarmena» dela; izan ere, bai erabiltzaile-kopurua (1.617), bai orrietara egindako bisitak (11.116) asko haunditu dira.
Webguneak eskaintzen dituen eduki eta zerbitzuei dagokienez, aipagarria da «herriko entziklopedia digitala» dela. 42 aldizkariren eta 800 artikulu baino gehiagoren aurkibidera sartu daiteke erabiltzailea; gaien, izenburuen eta egileen bilatzailea erabili; aldizkari guztiak pantaila osoan ikusi eta formularioaren bidez edozein artikulu edo argazki eskatu, besteak beste.
«Bloga ere tresna interesgarria da udalerriarentzat»
Euskarri digital honek duen bloga ere tresna interesgarria da udalerriko jarduera eta ekimen soziokulturalak ikusteko. Horren inguruan, azken bi urteetan, bideo didaktikoa, albisteak eta astigartar erreferenteei egindako elkarrizketak zabaldu dira blogean.
Duela gutxi herri-inkestan berretsitako balio historiko-kulturala kontuan hartuta, arduradunek uste dute «euskarri digital hori oso baliagarria dela herriko hezkuntza-komunitatearentzat (haurrak, irakasleak, gurasoak eta inplikatutako beste langile batzuk)».
Era berean, «erreferentzia izango da gure herriko gai berezi horiekiko interesa erakusten duten pertsonentzat, eta, jakina, gure nortasun-ezaugarriak ezagutzen lagunduko die gure udalerrira etorri eta dagoeneko gurekin bizi diren pertsonei», azpimarratzen dute