Bosgarrenez antolatu du Topaketa Feminista Matazak mugimenduak, larunbatean Villabonan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 20a, 00:00

Talde astigartarrak Gurea zinean jarri du hitzordua, 09:00etatik 14:30etara. Doakoa da jardunaldia, eta online ere jarraitu daiteke.

Bosgarren edizioa izango du Topaketa Feministak, datorren larunbatean, Indarkeria Sexistaren Aurkako Matazak mugimendu astigartarrak antolatuta. Oraingoan, Villabonako Gurea zinean egingo dute, goizeko 09:00etatik 14:30etara.

Aurtengoan, honakoa izango dute gaia: Genero ezberdintasunen eragina emakumeon osasunean. Doakoa da topaketan parte hartzea, eta Gurea zinean bertan ez ezik, online ere jarraitu ahal izango da. Bi kasuetan, hori bai, aldez aurretik eman behar da izena: encuentrofeministamadejas@gmail.com helbidera idatzi behar da, izen-abizenak emanez, eta online edo presentzialki parte hartu nahi den adieraziz.

 

Osasunaren gaineko aldarrikapen feministak aztergai, jardunaldian

Matazak mugimenduak aurreratu duenez, «emakumeon osasunaren gaineko genero ikuspegia» landuko dute aurtengo topaketan, hizlari ezberdinen bitartez: «Bakoitza bere arlotik abiatuta, osasunaren gaineko aldarrikapen feministak aztertuko ditugu. Horrela, emakumeon gaineko zaintza zamaren ondorioen analisia egingo da, eta osasun sisteman subjektu aktibo bezala aintzat hartzearen beharra azalduko da, baita osasunean garatzen den adimen artifizialaren arloan ere».

Jardunaldiaren bukaeran, gainera, banatuko dute Indarkeria Sexistaren Aurkako Matazak mugimenduaren IV. Sari Feminista, eta liburuak eta Nobel Run jokoa zozketatuko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!