Jose Angel Amuchasteguirena, Sagar Uztako argazki bildumarik onena

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 19a, 00:00

Argazki Rally Digitaleko irabazleak, sariak jasotzen Sagardoetxean.

Urtero bezala, Sagar Uzta Argazki Rally Digitala egin zuten irailaren 25ean, Foru Plazako ospakizun haundian. Eta argazki lehiaketaren irabazleei, joan den ostiralean eman zizkieten sariak, Sagardoetxean. Jose Angel Amuchasteguirena izan da aurtengo Sagar Uztako argazki bildumarik onena, eta sagardo­aren kulturako esperientzia bat eta bertako produktuekin osatutako lotea jaso du. Bigarren saria, berriz, Marian Martinek eskuratu du: bertako produktuekin osatutako lotea.

Udazken Zaporez egitasmoaren baitan, Sagar Uztaz gainera, makina bat jarduera egin dituzte azkeneko hilabetean zehar, eta aste honetan ere izango dira hainbat. Bihar bertan, esaterako, Pizza eta sagar ore ama ikastaroa izango da Sagardoetxean, 18:00etatik 20:00etara, 115 Sagar Ore Ama pizzeriako Ruben Andressen eskutik. Ostiralean, berriz, afari maridatua egingo dute Ikatza tabernan, 20:00etan, Argoitz Otañok eta Aitzol Lizeagak gidatuta. Eta larunbatean, kanoan egingo dute ibilaldia Urumea ibaian barrena, 11:45etan hasita, Loiolatik Ergobiko zubira; eta Ergobiko historia ezagutzeko bisita egingo dute ondoren. Interneten egin daitezke erreserbak, sagardoetxea.eus webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!